asteazkena, iraila 27, 2017

Oriol Arlote, erreskate operazioa


Ikerketa lan bat ongi burutzea zail da, oso zaila, detektibe taldea Oriolekin batean Lis neskato txinatarra, koadrodun etxeko zapatilak arrastaka dabilela karakolak baino motelago mugitzen den Anselm aitona eta artilezko jantzi berdea soinean duen Monsieur txiuaua txakurra batera badabiltza.
Zail da halako lagun taldea ezustean ibultzea, ez?

Bada, Anselmen oso lagun den markesa desagertu delako ibiliko dira detektibe lanetan, plan perfektua prestatu, eta haren bila joateko. Bidaia uste baino aldrebesagoa izango delako pasako duzu primeran, ziur!

Arlote metodoak, oraingo honetan, heroi izateko nola jokatu behar duzun argituko dizu... edo ez... baina, dena argitu bitartean, barre egingo duzu. Zenbat apustu?

osteguna, iraila 21, 2017

Nire aita ikusezina da



Eleneren bizitzara Xabat iritsi berria da. Eta Xabat iristeaz batera, aita desagertu dela dirudi. Ez da inora joan, baina ezin ulertu zergatik ikusezin bilakatu da.

Elenek hamaika urte ditu, biolina jotzen duen nobio makarra bat, eta baita patioan egin berri duen lagun bat ere, Oier. Berarekin saiatuko da aita ikusezina ote den argitzen, eta inspirazioa beldurrezko filmeetan topatuko dute.

Barre pixka bat egin nahi baduzu, ezin istorio hau irakurri gabe utzi. Drakula eta Frankenstein.... eta Momia, eta Gizon ikusezina, uste baino dibertigarriagoak izan daitezke.

astelehena, iraila 18, 2017

Nur eta dortoken uhartea

Nurri gustatuko litzaioke arraien hizkuntza jakitea, zeren seguru baitago arrainek badutela hizkuntza bat elkarrekin hitz egiteko. Arrain aurpegia jartzen du, esan nahi baita, masailak barrurantz sartzen ditu eta ezpainak, txiki-txikiak geratu baitzaizkio, mugitzen ditu.
- Kaixo -esaten du.
Eta tximeleta-arrainak tximistak bezala ihes egiten du, harri baten azpian gordetzera!
- Izutu egin duzu! -esaten dio barrez Hidek.
- Ez, bai zera -erantzuten dio Nurrek-. Ez dit ulertu. Frantsesa-edo izango da tximeleta-arrain hori!

Benetan ederrak dira akuario erraldoietan ikus daitezkeen arrainak, ikusgarriak... Baina Nurrek Kaliko du bakarrik buruan, dortoka erraldoi bat; dortoken ospitalean bere arreta bereganatu duen dortoka zaharra. Aizue! Eta dortoken uhartean ezin falta piratak! Bizarbeltz bera ere agertuko zaie ezustean...

ostirala, iraila 15, 2017

Nur eta banpiroen dantza



Handitan zer izan nahi duen pentsatzen ari da Nur, eta artista izatea dibertigarria izan daitekeela uste du, besteen azalean sartu eta haien pasadizuak antzeztea.
Bapatean bururatu zaio lagunekin filme motz bat asmatu eta grabatzea, eta Olympia eta Ireneren aitonari esker, grabaketa estudio bat bisitatzeko aukera ere izango dute.
Estudioa ilun dago, psp ilun, armiarma sare eta gauza beldurgarriz betea. Banpiro istorio bat grabatzen ari dira bertan. Baina Nurrek badu kezka bat... Grabaketa estudioetako jendetza ez da inon ageri, eta horrek susmo txarra ematen dio.

Ezagutzen duzu Nur dagoeneko; Lukretia Transilvaniakoa eta Vlad kondea ezagutzen?

asteartea, iraila 12, 2017

Nora joan da aitona?


Nik ez diot piperrik ulertzen amamari, aitita, urteen pasierarekin, higatzen doala esaten duenean. Eskola ikasi genuen behinola, harriak higatu egiten direla denboraren poderioz. baina nire aitita ez da harri bat; edo bai? Batzuetan hala ematen du, lozorroan dagoenean behintzat, ez baita ezertxo ere mugitzen.

Ikerrek helduei ulertzen ez dizkien mila kontu ditu. Izan ere, bere zapatak txikitzen doazen neurrian, edota bere oinak handitzen, aitonarenak baldartzen doaz... eta aitite jolasean hasten denean, helduek negar egiteko gogoa izaten duten. Etxekoak ezagutzen ez dituen plantak egiten hasi denean erabaki dute erresidentzia batera eramatea, baina aitona txantxetan ari da!



Bizitzaren legea era xamurrean kontatzen digun istorio hunkigarria da Alaine Agirrerena, Maite Gurrutxagaren ilustrazioek malenkoniaz betetzen dutena. Galdera guztientzat erantzun aproposa topatzea zein zaila den gogoratzen digu izenburuak, eta haurrek askotan egiten dituzte galdera zailak...