osteguna, urria 19, 2017

Kulero salatzaileak

Gau zoro baten ostean, Rafa amak ate-joka esnatu du. Ikaratuta, eta urduri, ea bart zertan aritu den galdetzen dio, Monikak, gelako neskarik ederrenak, bere aurka sexu-abusu salaketa jarri berri duela azaltzen dion bitartean.

Sexu-abusua? Berak pikutara bidali zuen. Ez zen ezer gertatu... 
Mozkor-mozkor eginda zegoela eginda zegoela egia da, baina Monikarekin zer gertatu zen badaki. Badaki?  Akasoo ez... 
Ezin gauean gertatu zirenak behar bezala gogoratu. 

Gauzak argitzen lagundu nahi dio amak Rafari... Eta hizketan ari direla, logelako lurrean kulero arrosa batzuk topatu ditu. Zer egiten dute neska baten kuleroek bere logelan? Rafak ez du horretarako erantzunik. Ezin gogoratu. Horra, kulero salatzaileak.

Anek Rafa maite du. Aspalditik ezagutzen du, eta berak ezagutzen duen Rafa hori ez da zurrumurruek zabaltzen duten bezalakoa. Rafa ez da salaketak dioena egiteko gauza. Nola lagundu? 

Istorioa bitan banatzen da: Rafaren bizipenak batetik, eta Aneren egunerokoa bestetik. Ikuspegi desberdinek argituko dute, akaso, Rafaren mozkorrak utzitako itzala.

asteazkena, urria 11, 2017

Garmendia eta zaldun beltza




Atzetik inor ez zuela jabetu zenean, Garmendiak mantsotu egin zuen zaldiaren abiada eta lasai ekin zion mendian gorako bideari. Hiru egunez izan zituen atzetik Harry Garbiren morroiak. Arima ahoan zuela ekin zion ihesari Wilde Roseko senar-emaztearen hilketa berari egotzi ziotenean, eta zalantza gabe ezkutalekurik hoberena aukeratu zuen: basamortu ondoko mendiak.

Gilda zuen bidelagun, eta lo hartu zuen batean, uste baino errazago topatu zuen Amalio zaharrak ere garai batean artzain ibilitako cowboya. Biek batera egingo duten bidaiaren berri kontatzen digu istorio honek, eta Oesteko filmeetan gertatzen den bezala, sherifa, bere lagunak, Sirena Salooneko neska ederrak, bide lapurrak eta burdinezko bihotza taupaka duen trena topatuko dituzu bertan. Wanted!

asteazkena, iraila 27, 2017

Oriol Arlote, erreskate operazioa


Ikerketa lan bat ongi burutzea zail da, oso zaila, detektibe taldea Oriolekin batean Lis neskato txinatarra, koadrodun etxeko zapatilak arrastaka dabilela karakolak baino motelago mugitzen den Anselm aitona eta artilezko jantzi berdea soinean duen Monsieur txiuaua txakurra batera badabiltza.
Zail da halako lagun taldea ezustean ibultzea, ez?

Bada, Anselmen oso lagun den markesa desagertu delako ibiliko dira detektibe lanetan, plan perfektua prestatu, eta haren bila joateko. Bidaia uste baino aldrebesagoa izango delako pasako duzu primeran, ziur!

Arlote metodoak, oraingo honetan, heroi izateko nola jokatu behar duzun argituko dizu... edo ez... baina, dena argitu bitartean, barre egingo duzu. Zenbat apustu?

osteguna, iraila 21, 2017

Nire aita ikusezina da



Eleneren bizitzara Xabat iritsi berria da. Eta Xabat iristeaz batera, aita desagertu dela dirudi. Ez da inora joan, baina ezin ulertu zergatik ikusezin bilakatu da.

Elenek hamaika urte ditu, biolina jotzen duen nobio makarra bat, eta baita patioan egin berri duen lagun bat ere, Oier. Berarekin saiatuko da aita ikusezina ote den argitzen, eta inspirazioa beldurrezko filmeetan topatuko dute.

Barre pixka bat egin nahi baduzu, ezin istorio hau irakurri gabe utzi. Drakula eta Frankenstein.... eta Momia, eta Gizon ikusezina, uste baino dibertigarriagoak izan daitezke.

astelehena, iraila 18, 2017

Nur eta dortoken uhartea

Nurri gustatuko litzaioke arraien hizkuntza jakitea, zeren seguru baitago arrainek badutela hizkuntza bat elkarrekin hitz egiteko. Arrain aurpegia jartzen du, esan nahi baita, masailak barrurantz sartzen ditu eta ezpainak, txiki-txikiak geratu baitzaizkio, mugitzen ditu.
- Kaixo -esaten du.
Eta tximeleta-arrainak tximistak bezala ihes egiten du, harri baten azpian gordetzera!
- Izutu egin duzu! -esaten dio barrez Hidek.
- Ez, bai zera -erantzuten dio Nurrek-. Ez dit ulertu. Frantsesa-edo izango da tximeleta-arrain hori!

Benetan ederrak dira akuario erraldoietan ikus daitezkeen arrainak, ikusgarriak... Baina Nurrek Kaliko du bakarrik buruan, dortoka erraldoi bat; dortoken ospitalean bere arreta bereganatu duen dortoka zaharra. Aizue! Eta dortoken uhartean ezin falta piratak! Bizarbeltz bera ere agertuko zaie ezustean...

ostirala, iraila 15, 2017

Nur eta banpiroen dantza



Handitan zer izan nahi duen pentsatzen ari da Nur, eta artista izatea dibertigarria izan daitekeela uste du, besteen azalean sartu eta haien pasadizuak antzeztea.
Bapatean bururatu zaio lagunekin filme motz bat asmatu eta grabatzea, eta Olympia eta Ireneren aitonari esker, grabaketa estudio bat bisitatzeko aukera ere izango dute.
Estudioa ilun dago, psp ilun, armiarma sare eta gauza beldurgarriz betea. Banpiro istorio bat grabatzen ari dira bertan. Baina Nurrek badu kezka bat... Grabaketa estudioetako jendetza ez da inon ageri, eta horrek susmo txarra ematen dio.

Ezagutzen duzu Nur dagoeneko; Lukretia Transilvaniakoa eta Vlad kondea ezagutzen?

asteartea, iraila 12, 2017

Nora joan da aitona?


Nik ez diot piperrik ulertzen amamari, aitita, urteen pasierarekin, higatzen doala esaten duenean. Eskola ikasi genuen behinola, harriak higatu egiten direla denboraren poderioz. baina nire aitita ez da harri bat; edo bai? Batzuetan hala ematen du, lozorroan dagoenean behintzat, ez baita ezertxo ere mugitzen.

Ikerrek helduei ulertzen ez dizkien mila kontu ditu. Izan ere, bere zapatak txikitzen doazen neurrian, edota bere oinak handitzen, aitonarenak baldartzen doaz... eta aitite jolasean hasten denean, helduek negar egiteko gogoa izaten duten. Etxekoak ezagutzen ez dituen plantak egiten hasi denean erabaki dute erresidentzia batera eramatea, baina aitona txantxetan ari da!



Bizitzaren legea era xamurrean kontatzen digun istorio hunkigarria da Alaine Agirrerena, Maite Gurrutxagaren ilustrazioek malenkoniaz betetzen dutena. Galdera guztientzat erantzun aproposa topatzea zein zaila den gogoratzen digu izenburuak, eta haurrek askotan egiten dituzte galdera zailak...

asteazkena, ekaina 07, 2017

Pikondoaren balada

Aitonak altxatu zuen Pikuenea, pikondo baten abaroan, ez baita zuhaitz baten babesa duen etxea bezalakorik. Bost urte eman zituen lanean, artean osaba Lukas jaio gabe zela.

Baina Martinak beti ezagutu du osaba Lukas pikondoan...
eskuan liburu, kataloxa edo piku batekin, baina pikondoaren adar sendoenean erdi-etzanda beti. Bazirudien adar hura bere gorputzera egina zegoela, edo alderantziz, urteen poderioz osaba Lukasen enborra egokitu zela adarrera. Dela bat dela bestea, gustura agoten zen han osaba. Hura zen bere lekua, bere paradigma, bere tronua.

Gerrara deitu dituzte anaia biak, Martinaren aita, eta baita osaba Lukas ere. Osaba Lukasek ez doala erantzun du, bakezalea dela.

Anaia eguzki epeletakoa zuela esaten zuen gure aitak. Ameslaria zela esaten zuen amamak. Listoegia zela, amar. Nik dibertigarria zela esaten dut. Gauza asko dakizki osaba Lukasek. Ezertarako balio ez dueten gauzak, zuzentzen zidan aitak. Eta bizitzarako baliagarriak diren gauzez zipitzik ere ez, gehitzen zuen. Osabari pikondoko talaieroa deitzen zioten etxean.

Baina osaba Lukasek liburu eta kanta zaharretan gauza asko ikasi zituen, eta pikondoan, han goian, bakea arnasten zela zioen.

Leire Bilbaok idatzitako harribitxia, Maite Mutuberriaren margolanek apaindua. XXXV. Lizardi Saria irabazi duen lan eder bezain poetikoa.

astelehena, otsaila 27, 2017

Maren



Maren Luke Lewisen jarraitzaile sutsua da, Pijama festen neska kuadrila guztia bezalaxe. Amak, bere urtebetetze erdian ezusteko itzela eman dio, eta laster hirian emango duen kontzerturako sarrerak lortu dizkie. Ezin sinetsi! Agortuta zeuden eta!

Hori gutxi bailitzan, irratian lehiaketa baten berri izan dute. Saria: Luke Lewis ezagutzeko aukera. Une horretatik aurrera, ideiak martxan! Lehiaketa hori irabazi beharra dago, bai horixe!

Errax irakurriko duzu istorioa, eta gauzak sortzeko grina ere piztuko dizu ziur... Lagunik onenak ondoan dituzunean, ametsen bila abiatzea dibertigarria da oso!

igandea, otsaila 19, 2017

Ramuntxo detektibea

Obaba ezaguna baino lehenago asmatu zigun Bernardo Atxagak Bela Kabela, Nikolasa eta Patxi Nubolariren lurra. Bela Kabelak ez ditu bostehun biztanle, nahiz eta bertakoak hori entzutean haserretzen diren, haien landa animaliek ere belakabelatar izateko eskubiderik badutelako, zer arraio! Ringo Gorringo ere kontaketa horretatik kanpo gelditzen da, baina Txarles, aldiz, ez da haserretzen, aireplano baten aberria zeru zabala baita, eta gutxi axola beraz Bela Karabela...

Horixe da Nikolasaren herria, eta herri xelebre batek, biztanle xelebreak behar ditu nahitaez... Euria goian-behen egunetan ari duelako postariak dira biztanleetan zoriontsuenak, eta tarteka, que llueva que llueva ere kantatzen dute, luzaroan jarrai dezan. Ongi irakurri duzu, bai! Que llueva, que llueva, la virgen de la cueva...

Bernardo Atxaga idazle serioa da, baina gazteentzako istorio mordoxka idatzi du, eta Nikolasa eta Ramuntxo Detektibearen abenturek beren lekutxoa hartu zuten aspaldi Euskal Gazte Literaturaren mundu oparoan, Eguillorren marrazki freskoek lagunduta. Ramuntxo ezagutu ostean, Constantinopla berriak eraikitzeko gogoa ere sortuko zaizu agian. Eta baita, akaso, Nikolasaren abenturak eta kalenturak liburua eskuratzeko gogo irresistibilea ere! Batek daki!

osteguna, urtarrila 12, 2017

Atxiki sekretua - Sorginaren eskuliburua -

Nire neba Mikelek esaten zuen ez zegoela sorginik, baina amonak baloia zulaturik itzultzen zienean, "Sorgina!" deitzen zion, eta zantarra, eta mamala, eta zalamandrana, eta baita gauza itsusiagoak ere.
(...) Gure aitak ere esaten zuen ez zegoela sorginik. Baina, batzuetan, ipuinak kontatzen zizkigunean, sorginak gora eta sorginak behera ibiltzen zen. Gainera, behin batez, amari honela esaten ziola entzun nion:
- Goiko sorgin horrek susto galanta eman dit, lehen eskaileretan. Ni saltoka nindoan, eskailerak binaka igoz, eta halako batean argia itzali da, eta nik zerbait biguna ukitu dut, eta kirats ikaragarria usaindu dut, eta bihotza eztarriraino igo zait, eta, norbaitek argia piztu duenean, goiko sorgin horren begi gorriak niri begira topatu ditut, eta garrasi egitekotan egon naiz, eta... 
Hori, edo antzeko zerbait esan zion aitak amari, baina batez ere sorgina deitu zion Grazianari, sorgina, Mikelek deitzen zion bezalaxe.

Joanak hitz hauek guztiak buruan zituela, egun batez galdera luzatzeko ausardia nahikoa izan zuen:
- Graziana, zuk sinisten al duzu sorginetan?
- Esaten dituzten guztiak badira, baina atxiki sekretua: ez esan badirela...

Patxi Zubizarretak, liburuaren Azken Hitzan idatzitako lerro batzuekin amaituko dugu harribitxi honi buruzko gogoeta laburra, berak baino hobe inork laburbilduko duelako liburuaren mezua:

Kontraesana ematen badu ere, badirudi argiak itzali egin zuela mundu hura, eta, beharbada, horixe izan da lan honen asmoa: iluntasun hartan argi apur bat egitea. Milan Kundera idazleari noizbait irakurri nion zenbat eta azkarrago bizi, hainbat eta gehiago ahanzten dugula, eta horixe dela gure gizartearen ezaugarri nagusienetako bat: ahanztura edo, Juan Goytisolok "memoricidio" esaten diona, iraganaz eta memorias beste egitea. Eta sorginak lagun, liburu honen bidez, oroimen hori preziatzea eta berritzea ere nahi izan dugu.

Elena Odriozolaren marrazki poetikoez lagundurik, Zubizarretak hango eta hemengo istorio, ipuin, kanta eta bitxikeriak batu ditu, ipuin horiek aleka irakurtzeko aukera eskainiz... baina baita sorgin istorio horiek guztiek osatzen duten sorgin historia zoragarria josi ere.

astelehena, urtarrila 02, 2017

Ismaelen historia, edo itsasoa nola zeharkatu nuen


Haientzat, gazon-emakume ilun, isil eta arrotzen ilara luze bat besterik ez ginen. Ez dut uste ezer zutenik gure kontra. Inork ez zigun ezer esan, are gutxiago ezer iraingarririk, inor ez zen pozik agertu handik kanpora gindoazelako. Ikusezinak ginen, aspaldiko urteetan itsasoak lehorrera botatzen zuen zerbait, uda aldean batez ere, eta gero udazkenean berriro hartzen zuena.
Edozertara ohitzen gara.

Ismael itsasoaren eta harearen seme da, ama desertukoa baitu, aita berriz, kostaldekoa... Hamabost urte bete berritan, bere ikasketek doi-doi eman diote irakurtzeko gaitasuna, idaztekoa apenas, baina itsasoan dexente ongi moldatzen da, itsasoak uzten dionean.
Baina itsasoa gaixotzen hasita dago, tximinien erruz gris bihurtu da, eta arrainen bila joan beharrean, arrainak etortzen zaizkie urertzera... Hilik, ordea.

Bizitza aukera hobeen bila hondartzara gerturatu eta itsasoko Marrazoen esku jartzen diren ehundaka, milaka gazteren historia da Ismaelena, ezer ulertzea kosta zaion afrikar batena, Bihotza uzkurtuko dizu, baina ximeldu baino lehen, urte berri honetan denontzako bizi-aukera duinen aldarria egiteko gogoa pizten badizu, Ismaelek itsasoari ihes zergatik egin zion ulertuko duzu.