2016(e)ko urtarrila 31, igandea

Nur eta denboraren liburua

Uda egunak ikaragarri aspergarri bilakatzen ditu euriak… Nurrek ez daki zer egin, eta amamak aholku bat eman dio:

- Irakurri.
- Zer?
- Liburuak.

Eta Nurrek, purrustada bota: Oporretan gaude!

Baina amamaren erantzuna edozein istoriolarik emango liokeena da:

- Milaka liburu daude, milaka abenturarekin; gustatuko zaizue baten bat. Irakurtzea jostagarria da, gainera. Irakurriz bidaiatu daiteke, izan daitezke abenturak, amets egin daiteke… etxetik mugitu ere egin gabe.

- Nik nahiago dut abenturak egiazkoak izatea, eta nire lagunek ere bai
- Bueno… Imajinazio-kontua da dena.

Eta amamak arrazoi du. Denboraren liburua topatu du bere laneko gelako apalategian… Eta irakurtzen hasteaz batera, eguneko ordu guztiak motz egingo zaizkio, bai Nurri, baita bere lagunei ere… 

2016(e)ko urtarrila 28, osteguna

Harry Potter eta sorgin harria

J.K. Rowling moduan ezagutzen dugu Harry Potter asmatu zuen emakumea… Bitxiak bere hastapenak. Haurrentzako istorioak idatziz etorkizun ederrik ez zioten opa antza, eta ogibide berria bila zezala aholkatu zioten. Artean, emakume batek idatzitako istorio batek mutilak gutxi erakarriko zituela argudiatuz, bere izena siglen atzean ezkutatzeko esan zioten. Joanne da bere izena, eta J bat exkaxa iruditu zitzaienez, bigarren letra bat behar zuelako, bere amona Kathleenen K hartu zuen.

Harry Potter eta sorgin harria zazpi liburutan lehena da, eta bertan, hurrengo liburuetan berriz errepikatu beharko ez diren datu ugari ematen zaizkigu: lekuen deskribapenak, pertsonaiak, haien arteko harremanak… Suspentsea, batez ere Harry bera, umezurtz izanik, nora iritsiko den jakinmina sortuz: Gaztelu ederra bezain bitxia, barnetegi bat, azti eskola. Eta bertan, hain ezagun zaizkigun gaiztoen eta onen arteko liskarrak, irakasleen artean ere lagun eta etsaiak, guztia magiak ondutako irudimenez jantzia. Fantasia mundu paralelo bilakatzeko erraztasuna du Harry Potterrek… Hori da bere arrakastaren arrazoia, eta horregatik bilakatu da gazte literaturako heroi berria. Ikasturte amaierarekin etxera itzultzean amaitzen zaigu lehen liburua, eta bigarrenaren zain uzten gaitu… esperoan.

2016(e)ko urtarrila 27, asteazkena

Gizajo baten egunkaria II. Rodrick-en legea

Anaia zaharregoa izateak gauza onak badituen arren, Gregek Rodricki abantaila gutxi ikusten dizkio. Ia beti gailentzen zaio, baina ez bereziki zaharragoa delako.

Gregen bigarren egunkaria da hau, eta bertan uda aspergarri joan zaiola kontatu ostean, ikasturte berriko pasadizu ugari kontatuko digu… Egia esan, udako kontuak ahaztu nahian dabilela dirudi, baina bera ikaragarri lotsatzen duen zerbait ezagutzen du Rodrickek, eta hori kontatzeko meatxupean du gau eta egun.

Pasadizuren bat hautatzekotan, Rodricken eskolako lanak egiteko sistemak aipatzen dituenekoak, edota ama Magia eta Munstroak jolasa ezagutzera gerturatu, eta haiekin batean jolasten hasten denekoa aukeratuko nituzke… 

Ez dadila horrelako jolasekin zaletu, mesedez! Aukerarik txikiena suertatu orduko, orkoen talde baten esku utziko dut eta.

Gose jokoak

lehen orrialdeak hemen irakurgai
Nork ez du Gose Jokoak trilogiaz hitz egiten entzun? Istorio arrakastatsua, pantaila handira ere jauzi egin duena. Gazte jendeak gutxi irakurtzen duela egia balitz, ez dirudi erabat logiko liburu mardulek halako oihartzuna izaterik…

Abentura, zientzia fikzioa, gerra, gorrotoa, maitasun kontuak, reality showak... eta baita gure gizarteari kritika zorrotza ere. Orwellen 1948 eta Huxleyren Bai mundu berria gogorarazten dizkigu moderno itxurako abentura honek, ahaltsuenek beren boterea betieretzeko beste guztiak nola gutxiesten dituzten agerian jarriz. Kapitolioari aurre eginez baina, Katniss ausartak, 16 urte baino ez dituen arren,  esperantzari leiho bat zabalduko dio…
      Barrutien matxinada hasteko adorerik izango ote du?

Zein da zure ustez istorio honen arrakastaren arrazoia?
Zer da gehien gustatu zaizuna? 

2016(e)ko urtarrila 25, astelehena

Kilimanjaroko diamantea

Udaleku desberdinak bilatu ditu aurten Berainek, Tanzanian; Von Silk espedizio ospetsu bateko kide izan zen aspaldi, eta safariak antolatzen ditu orain. Urteak dira Arka Beltza aurkitu zutela, eta harrezkero Kilimanjaroko diamantearen bila dabil, egiaz esistitzen den jakin ez arren. Indiana Jonesen abentura sena zainetan.

Udalekuetan beti nahasten dira maitasun kontuak; kultura berriak ezagutu, ohiturak ohitura zergatik diren jakin, besteen historia ulertu… Eta hori gutxi balitz, oihaneko arriskuak, eta bertako bizimodu ankerra… Hori guztia ezagutuko du Berainek udalekutan, eta bere familia inoiz baino gertuago sentituko du urruneko lur haietan.

Pasarte hunkigarriak, abentura, amodioa eta tristura nahasian…
Zuri zein pasarte gustatu zaizu gehien?

2016(e)ko urtarrila 24, igandea

Istorioak kontatzeko duzun trebetasuna erakutsi nahi?




Elkarrek Ilustrazio eta ipuin lehiaketa deitu berri du, eta zurea apirilaren 15a baino lehen bidal dezakezu hemendik

LH4 maila bitartekoentzat hiru maila antolatu dira, eta betekizuna Peru Magdalenak idatzitako Lolo ipuina ilustratzea da; LH5 eta DBH2 artekoentzat bi maila desberdin, Martintxo Altzuetaren ilustrazio bat oinarri hartuta ipuina idazteko. DBHko azken ziklorako proposamena, berriz, Eta kultura zer? gaia hartuta, komiki edota bineta bat. Anima zaitez!

2016(e)ko urtarrila 21, osteguna

Garmendia errege

Herrira Buffalo Billen zirkoa heldu berria da. Ezezagunak diren talentu bila dabilelako casting bat egiteko deia zabaldu du, eta Garmendia eta Amaliok, lan bila dabiltzanez, aukera ezin hobea dela iritzi diote. Ez zaie oso ongi atera… Tira, benetan gaizki atera zaiela esan beharko genuke, baina gauzak inoiz ez omen dira hasten diren bezala amaitzen.

Garmendia erregek horretaz hitz egiten digu, eta adiskidetasunaz, eta duintasunaz, eta etxetik urrun egoteak ematen digun minaz... Joan denari, baina baita gelditu denari ere…

Espero ez dituzun pasadizuak topatuko dituzu Garmendiaren bigarren abentura honetan… Zein da gehien gustatu zaizuna?

2016(e)ko urtarrila 20, asteazkena

Idazle ona entzule ona izan ohi da...

Garmendia errege irakurtzen hastean, Kirmen Uriberen ahotsa irakurtzen dugu, narratzailea irakurleari zuzentzen ari zaiolako bere istorioa hasi baino lehen… Ahozko tradizioaren garrantziaz ari zaigu, eta belaunaldien arteko elkar-trukeaz… Eta pixkanaka, hainbat ohitura galtzen ari ote diren pentsatzeak beldur pixka bat ere ematen duela aitortu behar…
Carla Nazarethen marrazkiak, Un mundo de abuelos

Atsegin dut zaharrekin hitz egitea. Aulkia hartu, ondoan eseri eta haiei entzunez arratsalde osoa igarotzea. Izan ere, zaharrak kontalari onak dira, eta edozein harritzeko moduko ipuinen jabe izaten dira beti. Horrexegatik atsegin nuen osabaren ondoan esertzea. Berak kontatzen baitzizkidan istorioak. Nik paperean jartzen ditut, baina neure erara, jakina.

Izan ere, egia da idazleok kontuak asmatu egiten ditugula, baina egia da baita ere inoiz ez dela ezerezetik asmatzen. Idazle ona entzule ona izan ohi da, bizitzaren taupadak entzuten badaki.

2016(e)ko urtarrila 19, asteartea

Eireren egunerokoa

Eire ez da hizkuntzak ikasten batere trebea… Ingleseko klasetan baldar dabil, oso baldar, eta gurasoek, laguntza gisa, uda Irlandan pasatzera bidaliko dute. Ideia ez du oso gustoko, baina tira! Ez du beste aukerarik.

20kgko maleta hartuta, etxe berean bera bezalako gazte gehiagorekin egingo du topo, eta hor hasiko ditu ezustean harrapatuko duten bizipenak: maitasuna, adiskidetasuna, porrota, eta hamaika abentura…

Eirek gaelikoarekiko zein lotura dituen deskubritu nahi?
De reir a cheile a thogtar na caisleain.

2016(e)ko urtarrila 18, astelehena

Bost izarrak 6. Bat-bateko gelditzea


Bost lagun; bakoitza kirol desberdin batean aparta. Horregatik deitzen dituzte ikastetxean Bost Izarrak.

Michaelek bere urtebetetzea ospatzeko, kart zirkuitu batera gonbidatu ditu lagunak. Zirkuitu horretan bertan Rafael eta bere lagunek egin ohi dute hitzordua: astean pare bat alditan haientzako alokatzen dute, beste inor gabe, abiada bortitzean ibiltzeko. Kart bat tuneatzea zirraragarria izan daiteke.

Hala ere, bost izarrek Rafael eta bere lagunek zerbait ezkutatzen dutela uste dute. Istilutan sartuta ere, arrazoirik izango ote dute?

2016(e)ko urtarrila 16, larunbata

Ezekiel

Jasone Osoro aipatutakoan, Jara datorkigu burura… eta Jara, nerabe izateaz gainera, neska da. Horregatik, mundua 13 urteko neska baten begiez deskubritzen delako, nesken kontuak direla pentsa zenezake… Ezekiel yinaren yana da, 14 urteko mutiko nerabe batek mundua nola ezagutzen duen kontatzen digulako.

Mutilen hormonak dantzan, baina baita neskenak ere… Esnatzea, eta sexua! Sexu kontuak gailentzen zaizkio guztiari… Betiko lagun taldea arriskuan, neskengatik? Sexua adin horretan, deskubrimendu itzela da, baina baita betiko lagunen arteko konfidantza, eta nortasun desberdinak, eta izakera kontuak...

Lagun talde aparta, Etxe, Leo, Ola eta Ros… Ez dira zure kuadrilakide, baina izan zitezkeen… eta Jasone Osorok lagunarteko hizkera primeran islatu duelako, zurekin baleude bezala biziko dituzu. Lehen musua abentura zoragarria da!

2016(e)ko urtarrila 14, osteguna

Kittano

Abendu hotzeko gau batez, lanetik etxera bueltan, hiru euroren trukean gaztainak eskatu ditu. Berriketa motz baten ondoren, hurrengo egunera arte agurtu du gaztaina-saltzailea… hura, biharamunean ere bertan izango dela badakielako. Eta hala, gaueroko hitzordu laburra bilakatuko den horretatik adiskidetasun berria sortuko da, eta baita nolabaiteko miresmena ere.

Lukas Goitigorabeitiaren bizitzari buruzkoak paperera ekarriko dizkigu narratzaileak, Kittanoren bizitzako pasarteak alegia, abenturak, laguntasuna, baina baita bizitzaren gordintasuna ere. Beotibarko dendari zahar batek esan ohi zuen bezala, Munduak buelta asko ematen ditik. Gaur hola, bihar hala eta etzi ez jakin nola. Hori bai! Ahal dela, beti aurrera!

2016(e)ko urtarrila 2, larunbata

Irakurtzen...

Kale antzerkia da Shakti Olaizolarena…
Gorputzaren hizkera trebea du berak, eta edertasunez erakusten digu irakurtzearen plazerra zein handia izan daitekeen: istorio batek harrapatzen zaituenean, zure gogoak bertara egiten du salto, eta gorputzak hamaika postura hartuko ditu, baina askotan jabetu ere ez zara egingo…
Kaletik aretora pasatzean, eskenatokian bilduta, bere mezua oraindik intimoago bilaka daiteke, poetikoagoa… Irakurketa ere halakoxea izan ohi da, norbera berarekin egoteko tarte goxoa…

Halako batean, liburua eskutan, olerki bat irakurriko ligukela irudika dezakezu…


video

Datorren sarrera olerki liburu baten ingurukoa izango da, haiei ere beren tartea zor diegulako.

2016(e)ko urtarrila 1, ostirala

Irakurriz…


Urte berriari ongietorria eman nahi diogu… 
Irakurlearen dekalogoa izan zen blog honetako lehen sarrera… Bertan, Quentin Blaken marrazkiek ilustratzen dituzte irakurle gisa ditugun eskubideak, oroitzen? Bere beste marrazki bat hautatu dugu urteko lehen sarrera burutzeko… Irakurketaz gozatzen ari diren gazteak
Eta horrekin batean, Shakti Olaizola bihurrikari gaztearen ikuskizunaren zatitxo bat… Jostagarri, eta gustagarri!
Horixe 2016 honetarako gure desira.

Liburu artean ere,
      Urte berri on!

video