2016(e)ko irailaren 30(a), ostirala

Bila nazatela



Fernando Morillo eta gazte jendea lotzea erraza da... Bere inguruan gertatzen diren gauzei erne bizi da idazlea, gazteei gazteen kontuak kontatzeko gogoz, pertsonaietatik lehen pertsonara saltoa ematea erraza izan dadin. Horregatik, bere istorioetako pertsonaiekin erraz identifikatzen zarela esan genezake.
Ainarak 16 urte ditu, eta adin horretan, jakina, sentimenduak puri-purian. Animo gora-beherak, kezkak, beldurrak... lagunak, baita lehen sexu-kontuak ere... Hori guztia bildu du bere egunerokoan. Eta horixe izango duzu esku-artean. Ainarari tartetxo bat egiten badiozu, zurekin uste baino antzekotasun gehiago topatuko dizkiozu. Gaztetan guztiak kontra ditugula, eta munduan ezeroso sentitzen garela... inork ulertzen ez gaituela... Hori 16 urterekin ia guztiok sentitzen dugulako. Eta... beranduago ere bai, zorionez!

2016(e)ko irailaren 14(a), asteazkena

Pentsatzeko txokoa


XXXIV Lizardi Saria jaso du Nerea ArrieNen lanak... Xirikatzailea.
Ingleseko irakasleak, "gaizki portatzean" pentsatzeko txokora bidaltzen du jendea... Zigorra omen. Baina Debari pentsatzea ingleseko klaseetan adi egotea baino gehiago gustatzen zaio.
Horra arazoa. 

Askotan, pentsatzeko esaten digutenean, aurretik zerbait gaizki egin dugun seinale izaten da... eta horren inguruko hausnarketan lagunduko gaitu Debak, oraindik nerabe izan ez, baina haur izateari utzi dion neskatoak.... 10-11 urterekin, zure burua kokatzea oso zail delako, eta ingurukoek, lagundu baino gehiago, askotan gehiago nahasten gaituztelako. Debak pentsatzeko txokorik ez dela esistitzen erakutsiko digu, pentsatu edozein lekutan egin dezakegulako, eta pentsatzeak, gainera, burua ezezik, bestelako gorputz-atalak ere ernetzen dituelako: pentsatze hutsak burukomina eman dezake, edota barnea lasaitu, edota oilo-ipurdi azala ernetu, edo goragalea sortu... Txoko batean hori guztia? Benetan?

2016(e)ko irailaren 11(a), igandea

Blog


Badakit. Badaude munduan izugarrikeriak pairatzen dituzten mutikoak, eta haien sufrimenduarekin alderatuz, nire matxinadak hutsala dirudi. Are gehiago, ergela. Izan ere, ez nau jo. Ez nau bortxatu. Ez nau nire lagunen aurrean lotsarazi.Ez da saiatu nire neskalagunarekin ligatzen. Mometuz ez daukat neskalagunik, horrek arazoa konpontzen du. Ez du ama engainatu, ez dio etxeari su eman. Horrelakorik ez, baina bai horrelako zerbait, dena dela, ez badirudi ere. Batez ere bortxaketarena. Bortxaketa birtuala izan baita.
Nire bloga irakurri du.

Eta heldutasun adinera heldu artean, ez diola hitzerdirik esango erabaki duenez, etxeko giroa erabat desatsegin bilakatu da, nahiz eta aitak ezer ulertzen ez duen. Blog bat, ez al da sarean dabilen edonork ikusteko modukoa? Zergatik, orduan, halako iskanbila?

Baina komunikazio eten horrek luze jotzen duelako, aitak barkamena eskatzeko modu bitxia topatuko du: semearen logelako atean hiru kolpe diskretu... atea zabaltzean, ordea, aita ez dago bertan. Sekretu bat, hori da ate aurrean topatu duena,

Istorio bitxia, guraso eta seme-alaba nerabeen arteko harremanez eta baita komunikazioaz gogoeta egitera gonbidatzen gaituena. Benetan, mundiala.