larunbata, apirila 30, 2016

Ipuin batean bezala

Joan Mari Irigoien ez da haur literaturan kokatzen, eta gazteenean ere ez ziurrenik. Ipuin batean bezala, gure bizitzaren irakurketa egiteko gonbitea da, argitzaletan baikabiltza uneoro.
Elkarrizketa batean irakurri genion behin, mendian zebilela, inoiz ikusi duen behi-kakarik handienarekin egin zuela topo, eta hark, gainean, lau txanpinoi eder zeuzkala… Bizitzaren parabola ikusi zuen orduan, kaka eta edertasuna, biak nahasturik. Inguratzen gaituen mundu kaka horretan, edertasunik ere topa dezakegula alegia… Eta hori dena islatzen saiatzen dela bere istorioetan.

Sonanbulu gisa emango du goiza Anderrek Sararen gutun desesperatu bezain laburra topatzean, zer esan ez dakiela:

Ukitzen ditudan loreak zimeldu egiten dira. Ukitzen ditudan eguzkiak itzali egiten dira. Ukitzen ditudan gizonak zapuztu egiten ditut. Gizon ona zara eta ez dizut minik egin nahi, ez zaitut zapuztu nahi. Ene oraingo ametsa, gainera, bestelakoa da eta hor ez du ezein gizonek lekurik. (…) Izan zoriontsu. Sara.

Ezin etsi ordea, eta gutun bat idatzi behar ziola bururatu zitzaion:

Ukitzen dituzun lore guztiak zimeltzen omen dira, bai, baina nahiago dut zure lore zimel bat, munduko basorik abartsuenetan ezkutatzen den orkidearik ederrena baino. Ukitzen dituzun eguzki guztiak itzaltzen omen dira, baina nahiago dut zure eklipsearen argitan bizi, unibertsoko eguzki guztien itzalpean baino. Ona naizela diozu, baina nahiago nuke gaiztoa naizela esango bazenit eta maite-maite nauzula. Ander.

Idatzi bezain pronto… hautsi, eta beste bat idazteko beharra… 

Denborak aurrera egin ahala, bizitzaren lege bortitzak Leire ere harrapatuko du, eta bi bihotzek bakarrean egingo dute taupa, beste askorenen artean, bizitzak bere bidea jarrai dezan.

osteguna, apirila 28, 2016

Vampiria

Mikelek orduan begiak itxi zituen. Eta, besterik gabe, desagertu egin zen. Ospitaleko edonor orduantxe edozergatik ganbarara joan balitz eta, argia piztuta, ohea zegoen aldera begiratu balu, ez zuen haren gainean inor ikusiko, nahiz eta Mikel benetan egon hantxe etzanda, lo-edo.
Eta hiru solairu beherago, bi lagunentzako logela txiki batean, Selene ohean dardarka zegoen, begirik bildu ezinik hotzaren hotzez.

Mendabaldeko Europan,
Nonbaiteko Ospitale Psikiatrikoan idazten du Selenek bere egunerokoa, gertatzen zaizkionak ahaztu baino lehen, edo erabat erotu baino lehen... edo akaso gertatzen zaizkionak ulertzeko modu bakar gisa. Bere bakardadean, egunak eta gauak nahasiko zaizkio, eta Mikelen irribarre goxoak espero ez dituzun gogo eta desirak esnatuko dizkio...

igandea, apirila 24, 2016

Krokodiloa ohe azpian


Lehen orrialdeak hemen irakurgai
Mariasun Landak 2002an idatzi zuen lana 2015ean berrargitaratu zen, eta atzo, Donostian, Liburuaren eguna zela eta, EIZIEk, Itzultzaile Berriak programaren barruan, irakurketa eleanitza burutu zuen, euskara, poloniera eta esloveniera uztartuz. Irakurketa bitxia, baina ikaragarri aberasgarria, polita baita euskaraz sortu diren lanak beste hizkuntzetara ere iristea...

Sarri kontatu dizkigute ohe azpian ezkutatzen diren munstroei buruzko istorioak… Kasu honetan, ohe azpian krokodilo bat agertuko da, eta egoera surrealista horrek J.J.ren bizitza hankaz gora jarriko du. Begiratu al duzu azken aldian zure ohe azpian?

Ezkutuko esanahirik ba ote duen galdetuko balizute, zer erantzungo zenuke?

larunbata, apirila 23, 2016

Hori gozamena!

Gipuzkoa Plazan, egunargitan… Haurrak, eta ez hain haurrak, harrituta…

Txokoren batean istorioak kontu-kontari, liburuak salgai han eta hemen… eta zurrunbilo horretatik ihes egiteko aukera, Shakti Olaizolaren ikuskizuna. Mundiala!

Liburuaren eguna amaitzear, Istoriolariok gozatzeko istorio berriak topatuko zenituztela espero dugu. 

ostirala, apirila 22, 2016


Istorioak erdibidean utzi behar izaten ditugu askotan… Liburua hasi, eta beranduago non jarraitu behar dugun gogoratu behar. Plazerrarekin hurrengo hitzordua noiz eta non izango den alegia...

Halakoetan, bidaide apartak dira orri-markatzekoak, eta egun hau aitzakia hartuta, askotan, nork berea sortzen du, lore lehorrak baliatuz, txikitako marrazkiren bat, edota gustoko duzun libururen batekin erlazionatutako irudiren bat...

Donostian hauxe banatu dute aurten, eta guk lehiaketa txiki bat proposatu nahi dizuegu: Zer iradokitzen dizu orri-markatzeko horrek? Astebeteren buruan, erantzunik originalenari liburu bat oparituko diogu, orri-markatzekoa barnean, noski!

Zuen erantzunen zain!!!

osteguna, apirila 21, 2016

Liburuaren Nazioarteko Eguna

Cervantes eta Shakespeare apirilaren 23 batez jaio ziren, eta alor bereko bi maisu handi egun berean jaiotzea oso gutxitan gertatzen denez, nazioarteko errekonozimendua Liburuaren Eguna ospatzeaz batera egiten zaie. Egia esan, ez dira haur eta gazte literaturako idazle, nahiz eta oso pasarte entretenigarriak topa ditzakegun haien lanetan… Baina lanok, orokorrean, sakonak dira. Hala ere, klasikoak guri gerturatzeko geroz eta saiakera gehiago egiten dira, eta horrela sortzen dira, adibidez, edizio moldatuak.
Bi idazle hauen lanak euskaraz ere topa daitezke, ez ordea moldaketarik… Baina, gaurkoan, ez dizuegu haien lanik proposatu nahi... Haien omenez ospatzen den eguna goza dezazuen gonbitea luzatzea du helburu post honek! Liburu artean, asteburu on!

larunbata, apirila 02, 2016

Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna

1805ean gaurko egunez jaio zen Hans Christian Andersen danimarkarra, eta haren omenez, 1967 urteaz geroztik IBBYk Haur Liburuaren Nazioarteko eguna ospatzen du, haur eta gazteentzako kalitatezko liburuak bultzatzeko, eta gazteenen artean irakurtzeko zaletasuna sustatzeko.

Urtero IBBYren atal nazional batek du Haur Liburuaren Egunaren nazioarteko babeslea izateko aukera, eta aurten Brasili egokitu zaio; herrialdeko idazle bat eta ilustratzaile ezagun bat hautatzen dituzte mundu osoko haurrei bidaltzen zaien mezua eta kartela egiteko, horiek baliatuz liburutegiek, ikastetxeek, liburu-dendek eta  bestelakoek irakurzaletasuna susta dezaten.

Hauxe duzue aurtengo kartela, eta hemen testua eskuragarri.
Pixka bat kuxkuxeatuz gero, testuaren idazleari eta ilustratzaileari buruzko informazioa ere topatuko dituzue.

ostirala, apirila 01, 2016

Labirintoko borroka

Percy Jackson eta Carter Kane antzeko direla esan genezake, jainko eta mitoen artean haiek ere heroi klasiko bilakatzen ari zaizkigulako azken urteotan, biak Rick Riordanen eskutik. Aintzinako kultura desberdinetako mito eta istorioak oinarri, irudimenez eta surrealismoz beteriko kontakizunak moldatzeko abilezia erakutsi digu idazle honek, eta saga desberdinak moldatu. Percy Jackson eta Olinpiarren istorioetan laugarrena dugu hau. Hamabost urteko mutil batek nahitaez ditu neskekin gorabeherak, eta kasu honetan, baita jainkoekin ere… Bi mundu oso desberdin, umorez jantziak, konturatzerako istorioari pega-pega egingo zaituztenak.

Labirintoan barrena bidaia, igarkizunak eta frogak, eta jainko eta jainkosen kapritxoekin batera, haiengandik espero genituenak ez dira sekula historiak irakatsi digun bezalakoak izango. 

Barre egingo duzu, disfrutatuko duzu, eta oharkabean, kulturaren pasarte diren kontakizun ugari zeureganatuko dituzu, Minos, Hera, Esfingea, Zeus, Poseidon, Kronos eta beste hainbat jainko ez baitira zuk ezagutzen dituzun bezain aspergarriak.