ostirala, otsaila 05, 2016

Egunerokoa lokatz-eremuan

Eremuan, isiltasuna babesleku egin dutela dirudi… Ausardia faltak baino, beldurrak eta minak mututzen ditu. Izandakoa eta garena, izan genuena eta duguna, dena da hain aldakor gerra iristen denean…

Paperezko guraso maiteei, bere paperezko sendiari zuzendutako egunerokoa da hau, erbestera haur ilada luzean joan zen 13 urteko neskato batek atzerrian jaso zuten gurasoei etxera itzuli denean idatzitakoa. Balkanetan, hizkuntza eta istorioak errealitateari ihes egiteko tresna baliagarri bilakatu zaizkio: Batzuetan neure hizkuntza erabiltzera bultzatzen nau bihotzak, baina zeuona erabiltzen ahalegintzeak mesede egiten du, horrela zer esan behar dudan eduki behar dut kontuan eta ez bihotzean daukadana

Amak ere istorioak kontatzea maite du, beti izan du gogoko… baina benetako egoerari ihes egin nahian, gerrarik eta banaketarik jasan izan ez balitu bezala. Kontatzen dituenak huskeriak dira… Aitari, duen mina askatzeko, hitz egiteak mesede egingo lioke. Pertsona nagusiek hitz egiteko beharra dute, eta jasaten dutena hain gogorra denez, hitzak iturritik bezala irteten zaizkie. Baina isiltasuna oso astuna da… Eta Nushik kanpoan izan den artean gertatu diren guztiak ezagutzeko beharra sentitzen du, bere ingurua ulertzeko beharra, baita bere lekua aurkitu beharra ere, deserriratutakoa arrotz bilakatuta itzuli baitaHausnarketa horiek ahots ozenez egiteko baliatuko du bere paperezko familiari idatzitako koadernoa.

Artean… Nushi hainbeste jenderen artean bakar sentitzen da… eta mundua ulertezin gertatzen zaio, nazkagarri… Laguntza humanitarioa eskeintzen dutenei kasu eginez gero, mundua errefuxiatu-eremu erraldoi gisa irudikatzen du. Inoiz, etxera itzultzeko aukerarik balute, hormak jaso eta teilatu berriak egin ezezik, sentimenduak ere eraiki beharko...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina