2016(e)ko otsailaren 26(a), ostirala

Gose Jokoak II. Dena sutan

Gose jokoak irakurri ez baduzu, hau ez da zuretzako liburua, trilogia honek bere ordena errespetatzea eskatzen baitu. Istorioa interesgarria bada ere, berekin dituen kritikak ez zaizkizu hain zorrotz irudituko, Katniss eta Peetaren istorioa maitasun istorio bat baino askoz gehiago baita.

25 urtean behin Kapitolioak Gose Jokoen edizio berezia antolatu behar duela aitzakia hartuta, eta Katniss matxinatuen ikur bilakatzen ari dela iritzita, oraingoan, zozketarik gabe, aurreko edizioetako irabazleak deituko dituzte partaide izatera.

Matxinada oihuak zabaltzen hasi dira barrutietan, eta inoizko jokorik ankerrenak izango dira hauek. Kapitolioak mezu bat baino ez du: boterea berea du. Bide batez, maitasunak uste baino aurpegi gehiago izan ditzakeela deskubrituko duzu, maitasunak argi egiten baitu, baina baita itzal luzea ere...

2016(e)ko otsailaren 23(a), asteartea

Nire kuleroak

Maxeri 10 urte bete zituenean argazki kamera oparitu zioten, eta harrezkero argazkiak atera eta atera dabil...

Halako batean, argazki batean aitona kulero batzuk eskutan dituela harrapatu du, eta ez daki lotsa sentitu behar duen, ala kezka, aitona jubilatu zenetik pitzatzen hasia ote dagoen ere pentsatzera iritsi baita... Zertarako behar ote ditu aitonak Maxeren kuleroak?? Genobebak du giltza, noski... Baina Genobeba ezagutzeko, Maxeren buruhausteak ezagutu beharko dituzue.

Pistarik? Genobebak eta Maxeren anaiak, Gorka tontozaperoak, pentsa dezakezuen baino antzekotasun handiagoa dute... Esaera zaharrek, atsotitzek eta esamoldeek arrazoi badute behintzat, ezin uka!

2016(e)ko otsailaren 18(a), osteguna

Kafka eta panpina bidaiaria

Jordi Serra i Fabrak benetako istorio bat hartu du oinarri oraingoan: Kafka idazle ezagunaren azken egunak zirenetan, hark Berlingo parke batean paseatzen zebilela, negarrez ari zen neskato batekin egin zuen topo. Bere panpina galdu berria zuen, eta ezin kontsolamendurik topatu.

Kafkaren emazte Dorak azalduko zuenez, Kafkak eskuartean zituen bere lanak utzi zituen, neskato honentzako Brigida panpinaren postari bilakatu zelarik. Horixe izan baitzen Kafkari Elsi lasaitzeko bururatu zitzaion gauza bakarra: panpina ez zen desagertua... bidaian aldegina baizik.

Istorio xamur bezain hunkigarria, poetikoa, antzokietara ere maisuki iritsi zaiguna...
Ederra litzateke parkeetan berri onen postari gehiago topatuko bagenitu, ez?

2016(e)ko otsailaren 7(a), igandea

Maite-Maite ile-apaindegia

Praktiketako azken eguna bere karrerako lehenengoa balitz bezala bizi zuen. Irrika bizian zegoen ile apaindegiko saltsa-maltsak berriro bizitzeko: Priscilleren kasketaldiak, Clararen dramak, Luckyren eztenkadak, laka eta xanpuen usainak, ate gaineko kanpaiaren dangak, diru-kutxako txintxinak, ispiluetan gurutzatzen ziren begiradak eta bezeroek beren burua itxuraldatuta ikustean eskaintzen zizkieten irribarreak.

Eskolan astebetez praktikak egin behar dituztela esan diete, eta Louisen amonak Maite-Maite ile-apaindegian aukerarik emango ote dioten galdetu du… Ile apandegia ez omen da nahikoa, ordea, zirujau ospetsu baten semearentzat, eta uste baino buruhauste gehiago sortuko dira haren kontura.
Ametsei irmoki heldu behar zaie ez?

2016(e)ko otsailaren 6(a), larunbata

Nire alabak ez dauka erremediorik

Etxean aspalditxo ez da giro… Iratik bere logelako atetik Athletik-en posterra kendu eta Kenzazpirena jarri zuenean hasi zen, antza, krisialdia… Harrezkero, etxeko guztiak aldrebestuta dabiltza.

Khalil Gibran poetaren hitzetan topatu du Iratiren amak erantzuna: 
"Zuen seme-alabak ez dira zuen seme-alabak; bizitzaren seme-alabak dira. Zuen bitartez etortzen dira, baina ez zuengandik; eta zuekin egon arren, ez dira zeuenak".

Seme-alabak ez gara instrukzio liburua besapean dugula jaiotzen, eta guraso izateko azterketarik ez du oraino inork sortu. Horregatik, elkar ulertzera kondenatuta gaudela dio Antxine Mendizabal idazleak, bizitzaren erronka berri gisa… 

Iratirekin identifikatuko zara, ziur… eta akaso, egunen batean, baita bere amarekin ere. Eta bietan egingo duzu barre. Horixe baita bizitzaren legea. Denbora badoa, eta gu harekin.

2016(e)ko otsailaren 5(a), ostirala

Egunerokoa lokatz-eremuan

Eremuan, isiltasuna babesleku egin dutela dirudi… Ausardia faltak baino, beldurrak eta minak mututzen ditu. Izandakoa eta garena, izan genuena eta duguna, dena da hain aldakor gerra iristen denean…

Paperezko guraso maiteei, bere paperezko sendiari zuzendutako egunerokoa da hau, erbestera haur ilada luzean joan zen 13 urteko neskato batek atzerrian jaso zuten gurasoei etxera itzuli denean idatzitakoa. Balkanetan, hizkuntza eta istorioak errealitateari ihes egiteko tresna baliagarri bilakatu zaizkio: Batzuetan neure hizkuntza erabiltzera bultzatzen nau bihotzak, baina zeuona erabiltzen ahalegintzeak mesede egiten du, horrela zer esan behar dudan eduki behar dut kontuan eta ez bihotzean daukadana

Amak ere istorioak kontatzea maite du, beti izan du gogoko… baina benetako egoerari ihes egin nahian, gerrarik eta banaketarik jasan izan ez balitu bezala. Kontatzen dituenak huskeriak dira… Aitari, duen mina askatzeko, hitz egiteak mesede egingo lioke. Pertsona nagusiek hitz egiteko beharra dute, eta jasaten dutena hain gogorra denez, hitzak iturritik bezala irteten zaizkie. Baina isiltasuna oso astuna da… Eta Nushik kanpoan izan den artean gertatu diren guztiak ezagutzeko beharra sentitzen du, bere ingurua ulertzeko beharra, baita bere lekua aurkitu beharra ere, deserriratutakoa arrotz bilakatuta itzuli baitaHausnarketa horiek ahots ozenez egiteko baliatuko du bere paperezko familiari idatzitako koadernoa.

Artean… Nushi hainbeste jenderen artean bakar sentitzen da… eta mundua ulertezin gertatzen zaio, nazkagarri… Laguntza humanitarioa eskeintzen dutenei kasu eginez gero, mundua errefuxiatu-eremu erraldoi gisa irudikatzen du. Inoiz, etxera itzultzeko aukerarik balute, hormak jaso eta teilatu berriak egin ezezik, sentimenduak ere eraiki beharko...