2015(e)ko urria 29, osteguna

Zonbia San Mamesen...

Halloween arrotza den ala ez gure artean, ez du hori eztabaidatzen hasteak merezi…

Zonbi istorio bat dakargu gaurkoan, Bilboko kaleetan belarri bila dabilen haragi-ustel pertsonaia xelebrea…

Ezin imajina ditzakezun pasadizuak biziko dituzu liburu honetan, eta Fernando Morillok egindako deskribapenak hitzetan ezezik, irudikatzeko saiakera eginez gero, barre dexente egingo duzu ziur.

Making of-a duen beste libururik ezagutzen al duzu?

Alboko irudian klikatu, eta liburuaren lehen orriak eskuratuko dituzu, baita idazleari egindako elkarrizketa bat ere.

Izu-ikarak barre bilakatzeko garaia heldu zaio Bilbori.

Ditxosozko ditxolaria

Mikel 12 urteko ditxolaria da, eta gauzak errimaz esan ohi ditu.

Klaseko liderra omen zenak hauxe bota zidan:
- Zu, bertsoLARRI! Ezetz errimatu hitz hau: MO-KOR-DO-A!
      Eta irakaslea zur eta lur gelditu zen une berean, Mikelek hau erantzun:
Nire erantzuna HOR DOA,
kontsolatzeko mutil LERDOA.
Badakizu non den MOKORDOA?
ipurdian daukazu MORDOA!!!!

Parre pixka bat egingo duzu errimen artean...
denak ezin izan bertsolari baina, ditxolari izatea dibertigarri izan daiteke.
Egingo al zenuke, irakurri eta gero,
honen inguruan komentario bat,
ditxolari baten moduan?

2015(e)ko urria 27, asteartea

Xerezaderen artxiboa

Audioliburuak kontu berria direla pentsatzen baduzu, oker zabiltza ia ziur… Talde batentzat ozen irakurtzea betidanikoa da: monastegietan hala egiten zuten, eta baita etxeko sutondoan ere; sukaldeetan irrati-nobelak entzuten ziren garaietara ere jo genezake, edota haur gineneko oroitzapen goxoetara… Ahotsak berezi egiten ditu letra idatziak, eta literatura maitatzeko modu bilakatzen da. 
Xerezaderen artxiboan ipuinak gordetzen dira, helduentzako ipuinak bereziki… Xerezade ipuin kontalari aparta izan zelako, kalifa ipuinen amaraunean harrapatu eta Heriori ihes egitea lortu zuelako, irudimenez jantzia ausart. Baina harribitxi horien artean bi topatu ditugu, haur eta ez hain-haurrentzat atonduak… 
Natalie Pudaloven ilustrazioa.
       
Itzelhandien lo kuluxka 
eta        Jack eta Heriotza.

      Belarrien gozamenerako, horra...



2015(e)ko urria 25, igandea

Audioliburuak eskura Udal liburutegien sarean

Audioliburuak zer diren jakingo duzu ezta? Batzutan irakurtzea kosta zaigula esaten dugu, baina… 
Eta norbaitek istorioak kontatuko balizkigu? 
Horixe dira audioliburuak, istorioak entzungai. Udal Liburutegiek eskeintza geroz eta zabalagoa dute; Legazpiko liburutegiak mailegutzak nola funtzionatzen duen azaltzen digu aurkezpen txukun honetan.
Liburutegiak ez dira aintzinako kontua, haiek ere berritzen dira...

2015(e)ko urria 22, osteguna

Garoa Kultur Lab

Arrazoi duzu… Garoa's Totebagak aipatu… eta oraindik ez dugu Garoari buruz hitz egin…
Ez da hau Liburudenden publizitatea egiteko lekua… baina Garoa ez da liburudenda bat, ez behintzat liburudenda soil bat. Garoa Kultur Lab, kultura, letrak, artea, teknologia berriak eta eztabaida uztartu nahi dituen Kultur Esperimentazio Gunea da, bilera klandestinoetarako eta irakurle klubetarako txoko aparta. Zarautzen eta Donostian esporen gustu literarioaz fidatzen den irakurle ororen esperientzia literarioa aberastea eginkizun bakartzat duen parajea da Garoa. Haiek baino hobeto, ezin inork definitu.

2015(e)ko urria 21, asteazkena

Zure Liburutegia noiz bisitatu duzu azkenekoz?


Norberak etxean liburuak altxor gisa gorde ditzake… Baina oraindik deskubritzeko zain dituzu asko eta asko Liburutegian. Bertaratu, eta azalak ikusi, kuxkuxeatu, liburuak zabaltzeko lotsa galdu… Zail egiten da Liburutegitik esku-hutsik irtetea.

Urriaren 24a Liburutegiaren eguna da.
Gertu duzu bat, ziur. 
Bixita ezazu, eta Aliziaren lurralde miresgarrian bezala, ate batean atzean mundu berrietarako ateak zabalduko zaizkizu oharkabean.

Garoa's Totebag election

Juxtuan… Baina oraindik garaiz!
Garoak Zarautz eta Donostiako liburudendetarako Totebag bat nahi du, eta proposamen originalen bila dabiltza. Totebagak mezu ugari zabaltzeko baliatzen dira: batetik, berrerabiltzeko kontzientzia pizteko, eta bestetik, hitzez, irudiz eta sormenez adieraz dezakegun edozer plazaratzeko.

Parte hartu nahi duzuenontzako, baldintza gutxi:
- Gaia, ezinbestean… Liburuak!
- Artxibo mota: .jpg, eta gehienez 3 kolore erabil ditzakezu.
- Pertsonako 2 diseinu onartuko dira.
- Saria: paperezko kontzertuetarako hiruhileko bonoa + 50 euro liburutan.
                     - Epea: Urriak 26.

Bai, juxtu-juxtu, baina asteburua zukutu, eta akaso Zarautz eta Donostiako kaleetan barrena zuk diseinatutako poltsak ikusiko dituzu ibiltari.
Zure proposamena donostia@egaroa.com era bidali, datorren astelehena baino lehen!

2015(e)ko urria 18, igandea

Ipupomamua?

Bernardo Atxagak asmatu zuen hitz arraro hau…
Zer esan nahi duen? Kuku gordeka dabilen mamu xelebre horren gainean klik egin, eta bertan topatuko duzu erantzuna.
Gaurko izan ez arren… online ikusteko aukera badugulako ekarri nahi dugu gogora: etb -rako esteka honetan sakatu, eta bilatu leihoan ipupomamua idazten baduzu, hortxe dituzu, nahieran. Haur eta gazte literaturaz gozatzeko aukera paregabea.

2015(e)ko urria 16, ostirala

Errima errebeldeak

Barre egin nahi?
Bila itzazu Roald Dahlen Errima errebeldeak, eta ez zaizu damutuko!

Mari Errauskinek dantzaldian bazterrak nahastuko ditu, Hiru txerritxoek imagina ezin duzun laguntzailea izango dute… eta Otsoak… Otsoak gorriak ikusiko ditu.

Zazpi ipuinak ezagutzen dituzu, ziur, baina bertsio errimatu honek aho bete hortz utziko zaitu: heavya da, ironiaz idatzia, bihurria… guztia hankaz gora utzita gustora moldatua. Quentin Blake marrazkilariak orrialde osoko marrazkiez lagundu du, bikain, eta Joseba Santxoren itzulpena itzela da.

Irakurri, errezitatu,
...eta akaso rapeatzera ere ausartuko zara.

Zein izan da bertsioetan gehien gustatu zaizuna?


2015(e)ko urria 12, astelehena

H gabe


Sustrai Colina?
Idazle?
Baina, ez al da ba bertsolaria?

Ba... bai eta bai, bertsolari gazte aski ezaguna,
idazle bilakatu zaigu enkarguz.
Bertsolaritza bapatekoa da, bizia, xaxatia… eta halakoxea da ere bere lehen liburu hau: Beti oilarturik dabilen Keparekin nazkatuta, norbaitek pintada bat egin du ikastetxeko horman. Aztarna garbia utzi du ordea… Ortografia gehixeago zaindu izan balu… 

Irakurri, eta zure pasarterik gustokoena zein den esango bazenigu?

2015(e)ko urria 7, asteazkena

Sormena astintzeko… beste lehiaketa bat...

Aurreko sarrerak oraindik tentatu ez bazaitu, berriz saiatu beharko!

Liburu Gazteak booktrailer lehiaketa antolatu du aurten ere. Euskal Herriko lehiaketan liburua zuk hautatu behar duzu, eta hautaketak, jakina, badu bere lana. Horixe errazten dizu Liburu Gazteak, berak hautatu baititu lanak, eta baita gomendatutako adinaren arabera sailkatu ere.

2016ko martxoaren 4a lanak jasotzeko azken eguna (tira… jaso ez, youtubera igotzeko azken eguna), eta benetan disfrutatu nahi baduzu, Brunoren azalpenei kasu egin, eta booktrailer apartak sortzen ikasiko duzu.

2015(e)ko urria 6, asteartea

Sortzeko gogorik baduzu, booktrailer lehiaketa bat...

Fernando Morillok ongi daki zer den Haur eta Gazte literatura..
Izar malkoak eleberriaz 2003an Euskadi Saria irabazi zuenetik egin da ezagun batez ere bere lana… eta pixkanaka, bere erronka idaztetik irakurzaletasuna sustatzera zabaldu du.

2011n Gaumin argitaletxea sortu zuen, Haur eta Gazte literatura lanak argitaratzeko batez ere… Begirik kendu gabe jarraitzen badiozue, istorio bizi eta freskoak topatuko dituzue bere eskutik.

Gaumin bera da IV. Euskal Herriko Booktrailer lehiaketa antolatzen duena… Hemen bertan, edota alboko irudian klikatuz gero, oinarriak, eta beste hainbat gauza interesgarri topatuko dituzue, baita adibideak ere… Lanak azaroaren 27a baino lehen bidali behar dira…

Booktrailer bat… hori zer da baina?


Zuen irakasleek ez zaituztete tranpati nahi... Baina askotan tranpa egitera derrigortu zaituzte, irakurtzeko agindutako liburua benetan irakurri ote duzuen jakin nahi eta laburpenak egiteko eskatu dizuetenean.

Zenbat alperreko agindu, eta zenbat buruhauste... Bai zuentzat, baita irakasle gajoarentzat ere…

Konplize bilakatu behar batzuk eta besteak, eta laburpen tentagarriak bilatu ditugu... Eta baita booktrailerrak ere, minutu exkaxeko iragarki baten antzera, liburuaren mamia begitara gerturatzeko, irakurlea xaxatzeko... Liburuak baino gehiago, istorioak saltzeko modu atsegin bezain erakargarria…
Datozen postak irakurriz gero, hobeto ulertuko duzue, eta akaso, baita animatuko ere!

2015(e)ko urria 2, ostirala

Morris Lessmore Jaunaren liburu hegalariak


Morris Lessmore jaunak liburuak maite ditu... Eta liburuek bera maite dute. Teknologia berriek irakurtzeko modu berriak eskeintzen dizkiguten garaiotan, 2011n laburmetraia bizidunarentzako Oscar saria paperaren xarmak jaso zuen...

Marrazki bizidunetatik album ilustratura, liburuen paperaz gozatzera gonbidatzen gaitu Lessmore jaunaren istorioak, gutxi asko izan daitekelako…

Laburmetraia ikusi, eta zer bururatu zaizuen esango al diguzue?