2015(e)ko iraila 30, asteazkena

Harietatik zintzilik...


Barbara Issaren marrazkia

Hariak ehunduz sortzen dira istorioak,
hariei tiraka ezagutzen besteren istorioak, 
harien amaraunean bilatu behar gure gustokoak… 
eta erakusgai, horra, harietatik zintzilik, istorio ugariak...

Hari sendoak,
nahi adina istoriori eutsiko diotenak… 

2015(e)ko iraila 27, igandea

Hariak

Jon Maiaren Hariak ipuina entzungai.

Ipuinetan bezala, atzera egiteko buelta erakutsiko zidaten hariok…  Hala dio Jon Maiak bere Hariak istorio laburrean… 

Odiseoren zain eman zituen Penelopek urteak, egunez jositakoa gauez askatu, eta biharamunean berriz josten… eta Babba Zarrahk ipuinak kontatzeko tapaki handi bat du, pixkanaka deseginez, ingurukoen arazoak konpontzeko baliatuko duena…

Hariari tiraka, guztiok sor ditzakegu istorio berriak.

2015(e)ko iraila 23, asteazkena

Esaldi magiko bat?

Kérity. Ipuinen etxea - filmearen trailerra.

Kérity.

Ipuinen etxea.



Rébecca Dautremer ilustratzaileak Bretainiako Kérity herrixkan kokatu du Natanael neskatoaren abentura. Familiak etxe bat jaso du herentzia gisa, eta liburuz jositako gela bat dago bertan.

Adiskidetasuna, liburuak eta irakurketaren balioak goraipatzen dituen filme baten fotograma batzuk aukeratu, eta hala sortu da liburu eder hau. Ilustrazioen munduak haurrak eta helduak liluratzen dituelako.

2015(e)ko iraila 20, igandea

Ipuinak...


Ipuinak…

jolasteko,
ume izateko,
ikasteko,
amets egiteko,
iheserako…

Irudimenaz jolastu
hitzez ezdeusa gauzatu,
geure baitatik
edertasuna moldatu.

2015(e)ko iraila 18, ostirala

Irakurlearen dekalogoa



Zer pentsatuko zenuke zuk buruan darabiltzazun ideia berberak liburu batean idatzirik topatuko bazenitu? Eta kasualitateetan sinisten ez baduzu? Zergatik etorri zaizu liburu hori, hori hain juxtu, eskuetara?

Pennac maisuaren eskutik inoiz jasotako leziorik ederrenak jaso nituen Comme un roman liburuan… eta irakurtzeaz mintzo garenetan, beti dut gogoan… 

Irakurri aditzak, maitatu aditzak bezalaxe, ez du aginterarik onartzen, ezin da aginteran jokatu… ez baitu ezertarako balio… Ezin inor nahi ez duen horretara behartu… Horregatik, irakurzaletasunaz ari garela, zaletasuna pizteaz ari behar, ez agindu eta betebeharrez.

Hamar mandamenduen gisa, irakurlearen dekalogoa eman zigun Pennacek, eta Blake handiak iruditara ekarri, umorez… Gure gozamenerako.