asteazkena, abendua 30, 2015

Fairy Oak II. Iluntasunaren lilura

Fairy Oak, Berdelau harana, lurralde harrigarria da, ederra, edonor gustora bizi daitekeen horietarikoa. Magiadunak Magiagabeekin bizi dira, pozik, eta haurrak maitagarriek zaintzen dituzte, hegan egiten dakiten maitagarri txikiek. Feli da gure narratzailea.

Banilla eta Pervinca, Babu eta Vi, bikiak dira, eta sekula halakorik gertatu ez den arren, haien ahalmenak desberdinak dira, lehena Argiaren Sorgin delako, eta bigarrena berriz, Iluntasunarena. Vi ausartagoa da, edo arriskuei beldur gutxiago die, ezin jakin… Baina amesgaizto bat izaten du sarri, inori kontatu nahi ez diona, eta bahitua izateko zorian ere izan da. Bahitua? 

21eko Ikaragarria erasoan dabil, Etsaia, inoiz baino bortitzago: Iluntasunaren Jaunak horixe nahi du, iluntasunezko mundu bat, eta horretarako Argia deuseztu behar… Horra zergatik dituen begiz jota bikiak, orekaren islada ezhoikoa direlako.
Lasaitasuna amaitu da Fairy Oaken. 

Iluntasunaren lilurak baditu, istorio honetaz gain, bestelako ezustekoak: Ipuinen ordua maite dute neskatoek, Aintzinako Liburua irakurtzen ikaragarri ongi pasatzen dute, eta akaso bertan topatuko dituzu barre eginaraziko dizuten pasarte dibertigarrienak. Marrazkiez gozatzeko berriz, Babu eta Viren magia koadernoak kolore bizitan (Witch gogoraraziko dizute, ziurrenik, idazlea bera baita). Liburu batean, beraz, bi liburu, bi koaderno, eta istorio mordoxka.

Eta amaieran… Susmo bat… Hirugarren libururako gonbidapena, zalantzarik gabe. Banilla ala Pervinca… zein duzu gustokoen? 

asteartea, abendua 29, 2015

Anne Franken egunkaria

lehen orrialdeak hemen irakurgai
Zail da hamahiru-hamalau urteko neskato batek idatzia dela sinestea… Baina berak Kittyri behin baino gehiagotan idatzia zion egunen batean kazetari ospetsu edota idazle izan nahi zuela, eta are gehiago, ez zuela etxekoandre bakarrik izan nahi, etorkizunean izena eta izana nahi zituela… 

Neskato izatetik, emakume izatera; berak ere udaberria maiteago du negua baino… eta ernetze hori, bere beste-ni hori deskubritzeak bizipoza eta segurtasuna emango dizkio, baina baita galdera mordo baten erantzunen bila jardun beharra ere.
Bizirauteko aukera duenak, ba ote du kexatzeko eskubiderik? Beldurra, konfidantza, bizitza uneoro jokoan… eta ortzemuga askatasunaren deiadar.

Garai baten lekukotza bortitza, edonongo eta edonolako pentsamoldeak izatea pertsona izatea, izatea bera baino garrantzitsuago ezin duela izan isiltasun gorrotagarrian ohiukatzea…  Horixe da Anne Franken egunkaria.

Eta isiltasun horretan, hitzek ihes egin behar dutelako, sentitzen dena adierazteko beharra ukaezina delako, liburuetan jasotako hitzek, jakintzak, ideiek… eta baita idatzietan pentsamentu eta sentimenduak biltzen dituzten hitzek ere, berebiziko garrantzia izango dute. Hitza benetan ahaltsua delako.

Anne Frankek, eta Jarak adibidez, zer dute antzeko, zer desberdin? 
Zergatik bilakatu ote da Anne Franken egunkaria klasiko? 
Zer du Gazte Literaturatik, eta zer Literatura Unibertsaletik?

astelehena, abendua 28, 2015

Dumitru

lehen orrialdeak hemen irakurgai
Izena arrotz egingo zaizu akaso… baina Dumitruk euskaraz egiten du, euskalduna da hitzez eta bizitzez, aitak sorterria utzi eta Euskal Herria hautatu zuenez bizitza berria egiteko. Itxuraz herri lasaia bada ere, gizarte honek oraindik baditu aurreiritzi ugari, eta Dumitruri zail izango zaio haiei ihes egitea.

Errumaniarra izatea ez da lapur izatearen sinonimo, baina zoritxarrez, Dumitruri hori hala dela frogatzea egokituko zaio… Minez, baita amorruz, aitak Fiul meu este basc, dar dacă bascii o să-l trateze rău, prefer sa fie român! garrasi egingo du ertzaintzarenean. Musikak bihotzak hunkitzen dituelako akaso, edota krisiak guztiok pixka bat berdindu gaituelako, Dumitruk desherriaren gazi-gozoak ezagutuko ditu… arrain txikiak ur handitan ibiltzen ikasi behar duen gisan.
Topikoez ari garela esango al zenuke?  

igandea, abendua 27, 2015

Berrian, gaur...

Horixe nahi genuke guk ere… Liburuak izan ditzazuela opari, eta liburuak opari ditzazuela... Liburuak elkar-trukatzean bizipenak, emozioak, pentsamenduak eta geure-geure diren zatitxoak ere oparitzen ditugulako.
Liburu bat oparitzen dugunean, beste pertsona horrengan pixka bat pentsatzen dugulako nahitaez: bere gustuak zein diren, halakorik ezagutuko ote duen, ezustean harrapatu, eta orrialdeetan barrena galduko ote den… Eta liburu bat uzten dugunean, berriz, guk bizitakoak ere orrien artean badoazelako, hitzekin batean mataza bilakaturik; liburu batek gordetzen duen istorioa, gure historiaren parte bilakatzen da oharkabean, eta horixe partekatzeak, are gehiago, partekatu nahi izateak, badu bere xarma.

larunbata, abendua 26, 2015

Inork ikusi ezin duena

Greyson New Yorkera bizitzera joan berri da, ospitaletik gertuago egoteko; begietako ebakuntza egin diote, itsua baitzen, eta orain maiztasunez joan behar du, pixkanaka bista berreskuratzeko prozesua nola ematen den zaintzeko.

Medikuari zerbait kontatu behar diola uste du Greysonek: noizean behin, bere baitatik atera, eta denboran hutsuneak sortuz, ikusmenak ikusten ez duena baina aurrikus dezakeena eskeintzen dio. Hilketa baten berri izan du, eta poliziarengana jotzen du, bere froga bakarra ikuspen psikikoak badira ere. Hilketa bat… edo gehiago… Uste baino korapilatsuagoa izango da istorioa, eta nahi baino arrisku latzagoak ezagutuko ditu.

Irakurtzen duzun artean ezin susmatuko duzu zein den istorioaren mataza askatzeko haria, eta amaierak benetan harrituko zaitu. Ausartuko al zara istorioarentzako beste amaiera bat asmatzen?

osteguna, abendua 24, 2015

Eguberria

Eguberri eguna kristauen jai izateaz gain, gure kulturara zabaldu den festa ere bada, tradizioekin nahastuz, tradizio bilakatuta… Eguberriak norberaren bizipenekin osatzen ditugu, famili giroan, aspaldiko ohiturei erreparatuz, natura, kontakizunak eta pasadizuak uztartuz… Hori guztia ere badira gure Eguberria, eta halaxe jaso dute, ezin era poetikoagoan, Juan Kruz Igerabide idazleak eta Elena Odriozola ilustratzaileak.

Belaunaldi desberdinak elkartzen gaituen festa giro honek, ahozkotasuna du ardatz, kantak, ohiturak, istorioen eta historiaren kontakizuna. Horrexegatik hautatu dugu istoriolari guztioi bihotzez opatzeko

asteartea, abendua 22, 2015

Ulysses Moore 7. Hiri ezkutua


Mioli jostari dabil, egunotan katua kuku-gordeka jolastu nahiean dabilela dirudi… Annaren ama Veneziako Zirriborro Etxean ari da zaharberritze lanetan, eta Morice Moreauren lanen artean Ptolomeo topatu du Annak, sekretu handi baten zaindari.

1909ko liburuxka bat, bitxia, Bidaia Hiltzen ari den Herrira izenburuduna.

Istorio honi buruz hizketan jardun eta, Marrazki bizidunak aipatzen badizkizugu, pistak ematen baino gehiago, despistera jolasten ari garela pentsa zenezake… Eskerrak Tomasso aztarnak topatzen trebea den: Ulysses Mooreren Kilmore Cove gogoratu du, Denboraren Ateak gordetzen dituen hiri desagertu hura...

Ahazturiko hizkuntzen hiztegia behar dute Hiri ezkutua aurkitzeko, inon hiri ezkuturik bada… Hiztegi batentzako izen erakargarria, bere baitan misterioak gordetzen dituela pentsarazten diguna… eta Malarius Voynich, artean, muturtuta.

Zein da zure ustez istorio honetako pasarterik zirraragarriena? Zergatik?

pd: jarraituko du...

ostirala, abendua 18, 2015

Hegoak

Norbaitek liburu bat uzten dizunean, oharkabean opari bat ere egiten dizu… Gustatuko zaizu… eta irribarre bat.

Hori da Hegoak
Azalari jaramonik egin gabe, mamiaren bila sartu, eta orrialdeetan barrena, istorio-anabasa batean murgiltzeko aukera izango duzu. Fantasiaren mugetan paseatuko zara Laurelekin batean, eta inolako aurreiritzirik gabe bidaiatzeko gonbidapena onartzen baduzu, magia, intriga, misterioa, maltzurkeria eta maitasun istorioak biziko dituzu. Izan ere, dena ez da ezagutzen dugun bezalakoa...

Davidek garbi esan zion Laureli:
       ...gauza asko daude nik ikusi ez ditudanak, eta horrek ez du esan nahi existitzen ez direnik. -Hasperentxo bat egin zuen-. Egunero ari naiz hori ikasten.

asteazkena, abendua 16, 2015

Asmatu nor naizen

Micheleren bizkar-zorroan gutun bat. Asmatu nor naizen. Aurkitu ni. Eta ezagutu.

Eta Michelek, jakin-minak jota, nori erantzun jakin ez eta, arbelean letra handiz idatziko du erantzuna, irakurri behar duenak irakur dezan.

     "Asmatu-nor-naizen Aurkitu-ni Ezagutu" andereñoak erantzunik nahi badu,
hori nola egin esateko eskatzen diot.
                        Sinatuta: Mutil oso-oso jatorra.

Micheleri gustatu zaio jolasa, misterioaz gain, hitzen balioa tarteko dagoelako ere bai: papera jasotzean, bata zein bestea ohartu dira, ez dute xehetasunik galdu nahi, begiak tinko paperean, hitzetan, mezua bera nola bukatuko den jakin nahian. Horixe da istorio honen xarma, zu ere hitzetan harrapatuko zaituena, Micheleren eta beste auskalo nor horren arteko hitz gurutzatuetan ezkutatzen den zerbait hori deskubritzeko grinaz. Hitz idatziek ez dute zaratarik ateratzen, irakurri eta berrirakurri egiten dira, garden ageri dira begiratzean, lerro artean ere araka daiteke agian dauden gauzak ikusteko, edo beharbada ez daudenak, baina ez du minik egiten haiek imajinatzeko jolasean jolastean. Eta jakin-minez besterik ez bada ere, azkeneraino heltzen da, ustekaberen bat espero delako. Idazten badut, azken batean, badakit entzun egiten didazula.

larunbata, abendua 12, 2015

Leo eta elurretako ibilaldi zoragarria

Erregaliz taldearen abentura honetan, batzutan taldea ez dela beti talde gisa portatzen deskubrituko dute Fanny, Leo, Dotte eta Mayak. Beti batera egongo zirela hitzeman zioten elkarri, baina handituz goazen heinean, denbora tarteak beste batzuekin ere elkarbanatu nahi izaten ditugu, eta hori ulertzea ez da beti xamurra izaten.

Elurra bota du, elurte polita, eta irakasleak ostiral eta larunbaterako irteera antolatu die, leratan ibiltzera.

Lagunen arteko tirabirak elurretan utziko al dituzte? Maitasun kontuak tarteko, Nikolasek ere badu zeresanik… 

Istorioaren amaieran, Erregaliz zaleontzako oparia: maitasun kontuetan nola jokatzen duzun, nolakoa zaren jakiteko, test erraza. 

Zure jokaera Erregaliz taldeko norenarekin identifikatu duzu?

ostirala, abendua 11, 2015

San Ferminetan, Lesakan

Liburuaren azala liburu bat irakurri ala ez erabakitzeko baliatzen baduzu, kontuz! Izenburu oso erakargarria du Anduezaren lan honek, festa giroa irudikatuko duzu ziur… Baina tranpa hutsa da!

Donostiako Bilintx institutua. 2013ko abendua. DBH4 E gelan fauna galanta bildu da, tribu guztiak, nahiago baduzu: apatxeak, txerokiak, komantxeak, txeieneak, moikanoak, payuak… Lucky Luke eta Daltondarrak baino ez dira falta. Iskanbila, istilua, nahasmendua, zalaparta, liskarra, atralaka, nahaste-borrastea, zarata, burrunba eta purrustadak uneoro, guztiak batera. Nola ados jarri 4. maila amaierako bidaia antolatzeko? Zer egin dirua biltzeko?

Maitasun kontuak, whatsapp mezuak eta Zea Mays, Berri Txarrak eta Gatiburen kantak topatuko dituzu Bukowsky-Tribuaren istorio berri honetan. Zu ere tribu honetako partaide al zara? Ez da txantxa! John Anduezak, idazleak berak, liburua irakurri eta whatsappez zure iritzia emateko aukera ematen dizu. 

osteguna, abendua 10, 2015

Bat Pat. Troll buruhandiak

Urratsak arrastaka eta marmarak… 
Errudunak?

Izaki basatiak dira, handiak eta iletsuak, mendiko haitzulo handietan edo itsas bazterrean bizi direnak. Ile luzea daukate, sudur luzea eta oso aho handia. Esku-oinetan launa atzamar besterik ez daukate. Oso igerilari onak dira eta asko gustatzen zaie haragi gordina. Normalean, gizakiengandik urrun egoten dira, baina noizean behin, ikusminak eta goseak bultzaturik, etxeetara hurbiltzen dira zelatatzera edo lapurtzera. Baina lainoa dagoenean baino ez…

Aspaldiko kondairak dira… baina, kondairek egia nolabait azaltzen dute, ez?

Bidaia berri honetan, Bat Patek lagun bereziak egingo ditu… Bai, batek Txoritxo Polita izenaz bataiatu du, eta beste batek, sakuzarra deitu! Trollfjord uharteko haitzulo sakonean ezkutatzen diren arriskuetatik ihes egiteko taktika berriak probatu beharko dituzte, eta talde lana funtsezkoa da, zalantzarik gabe! Hitzez kontatzen dizutena irudikatzen saiatzen bazara, barrez lehertzeko arriskua duzu.

Izakia horiei buruz entzungo zenuen ziur noiz edo noiz… Nurrek ere ezagutu ditu, baina ezin jakin berdin-berdinak diren, ala haien artean arraza desberdinak ere badiren… Irudimena hain da boteretsu!
Zuk nolakoak direla entzun duzu?

asteazkena, abendua 09, 2015

Nur eta haize-arrosa


Nurrek bere urtebetetzea Larrabetzun pasako du aurten… eta bai, opari handi-handi bat jasoko du etxean, baina, irudia ikusita, ezin asmatuko duzue zer den.

Nurrek bere lagunak deitu ditu, eta haiekin ere bere urtebetetzea-bis ospatuko du amamaren laguntzaz… Izan ere, urtean behin bada ere, urtebetetzea nahi denean ospa daiteke, ez? Bada, makarroiak, eta arrautza-irinetan pasatako oilasko paparrak patatekin jan ostean, imagina ezin duzun abentura biziko dute Nur eta bere lagunek.

Bidaiatzeko, elur-lera, haize-arrosa, mapa bat… eta irudimena baino ez dituzte beharko… Berokiak ez ahaztu, han, iparburuan, hotz egiten baitu!

Aitonak garai bateko jolasak gogoratu ditu, bai al dakizu zergatik? Oparirik ederrena zein da, zure ustez? Ah! Eta Jotnär bat zer den bai al dakizu? Eta Gauerdiko eguzkia? Eta ipar-argiak?

asteartea, abendua 08, 2015

Skaterrak III. Begia begi truk

Hemen sakatuz gero, lehen kapitulua irakurgai
Itzela!
Hiriaren modernotasuna erakargarri delakoan, arte garaikidearen museo aurrean skater taldea ageri da iragarki batean. Baina badakizu, iragarkiak ez dira normalean errealitatearen ispilu, alderantziz, gure interesen arabera itxuraldatu ohi dute egia. Berehala jabetuko dira horretaz Imanol, Adrian, Mai, Anyo eta As.

Baina Imanolek beste gauza bat deskubrituko du, eta larrutik ordainduko gainera: gure hitzen esklabu garela berandu baino lehen.

Uda iritsi berritan, ordu gutxiren buruan plan guztiak pikutara joango zaizkie, baina lagunek edozer egingo dute ikasturte osoan zehar izerditu duten oporraldia berreskuratzeko, eta, batez ere, lagunik onenak direla demostratzeko. Aurreiritziak, endreduak, misterioa eta historia biltzen dira Mikel Valverderen istorio honetan… Amaierara iritsi arte korapilo askatu nahian edukiko zaitu. 

Zer da korapiloan gehien trabatu zaituen haria?
Nola askatu den gustatu al zaizu?

astelehena, abendua 07, 2015

Ada Goth eta Ilargi Hilaren jaialdia


Ada Gothen bigarren istorioa dugu hau, Ilargi Hilaren Jaialdia. Antolaketa dela eta, denak ikaragarri lanpetuta dabiltza, eta Ada bera nahiko bakarti sentitzen da. Ganbarako Klub sekretuan bere kezka guztiak azaldu nahi zituen, baina hori ere bertan behera utzi diote…

Ilunpe Jauregian sukaldari onenek dute hitzordua, Gozogintza Lehiaketa Handia dela eta, eta margolaririk bikainenek ere bertan egin dute topo. Sukaldeko artisten eta margolarien izenekin, baita beraien lanenekin ere, barre dexente egingo duzu, askok ezkutuko esanahiren bat gordetzen baitute.

Arte erreferentziaz jositako liburua duzu hau, Hartz-eme baten biografia opari dakarkizuna… Marylebone hobeto ezagutzeko aukera ezin hobea.

Chris Riddellen beste lan bat ere jaso genuen duela gutxi, Ottoline eta kateme horia, eta haren marrazkiei erreparatzeko biziki gomendatu genizun. Oraingo honetan, opari, bere weborrirako deia… Bai, inglesez dagoela badakigu, baina bertako altxor txiki ugari, liburuan bezala, marrazkietan ezkutatzen dira, eta marrazkia, badakizu, hizkuntza unibertsala da. Gozatu!
Emilyk esaten duen moduan… Bai zirraragarria! Egiazko margolari bat sortzen ikustea!

Eta zuri, zer da liburu honetan gehien gustatu zaizuna?

haurliteraturaretoa.eus

Durangoko Azokan, Saguganbaran saltseatzeko tarterik hartu baduzue, gaurko ekitaldi honen berri izango duzue, ziur. Gaur bertan, ordubete exkax barru, Berbaro taldeak sortutako webgune zoragarria aurkeztuko dute, haur eta ez hain haurren gozamenerako. Irailetik martxan bada ere, Durangoko Azokan bere tartea topatu du Haur Literatura Aretoak.

Helburua: Guk dugun bera, euskal gaztetxoen artean irakurzaletasuna sustatzea, eta gurean ditugun lan ederren aurkezpenak egitea. Zer irakurri ez badakizu, hemen topatuko duzu gustukorik ziur.



igandea, abendua 06, 2015

New Yorkeko misterioa

Arte ikertzaileek misterio berria dute eskuartean… 
Oraingoan, New Yorken, edozer gauza gerta daitekeen hirian.

Osaba Williamek gauzak kasualitatez ez direla gertatzen azalduko die, baina hori baino gehiago jakin nahi baduzu, bere azalpenak irakurri beharko dituzu.

Hortik aurrera…
Arte-lanak lapurtzen ari diren gaizkileak haien planak burutzeko zeinen artista izan daitezkeen deskubrituko duzu gure familia xelebre honekin batera. Istorioan sartuz gero, egoera imaginatuz gero, zirrara sortuko dizute hainbat pasartek, eta baita, akaso, hotzikararen bat ere…

Zein izan da gehien harritu zaituen pasartea? 
Istorioak suspentsea ongi mantentzen duela iruditu al zaizu?

larunbata, abendua 05, 2015

Gizajo baten egunkaria IV. Egun zakurrak

Udako oporrak. Amak ahaztezinak izan daitezen nahi du… Baina Greg eta amak desberdin irudikatzen dituzte bi hilabete hauek, ziurrenik etxe guztietan gertatu ohi den legez.

Gregek ileapaindegia txutxumutxuak zabaltzeko toki aparta dela deskubrituko du, eta sarriago joatea ez legokeela gaizki pentsatzera heldu da… Amak Super Irakurzaleen Kluba sortu du, eta Greg, zerbait irakurtzekotan, txutxumutxu aldizkarietan gauza interesgarrien bila ibiliko zaigu. Hala jakin zuen Ipar Amerika urak hartuta egongo dela sei hilabete barru.. eta horrek lasaitu ederra eman dio, datorren urtena nota onak ateratzeko presioa gainetik kendu baitio. Horiek dira Gregen burutazioak… 

Tira… ezin hemen bere egunkariko pasarte guztiak kontatu, guztiak xelebre xamarrak badira ere… 

Zein da zuen gustukoena?

Nur eta alfonbra hegalaria

Bidaia berri honetan, Nur bere familia ezagutzera joan zaigu Damasko hirira… Izan ere, baba Siriarra du. Bai, baba bere aita da.

Baina, senitartekoak ezagutzeaz batera, hiri ederra ere ezagutuko du, eta Zokoa behin eta berriz bisitatzeko aukeren bila jardungo da. Izan ere, Nur ezagutzen baduzu, badakizu istorioak oso maite dituela, sormen handiko neskatoa dela, eta misterioak ez dauden tokian berak segituan antzematen dituela. 

Alfonbra hegalari bat… imaginatzen? 
Bada… Nurrek bai… 
Eta Damaskoko zokoan barrena, alfonbra hegalari bati buruz Yasminaren istorioak ikaragarri hunkituko du.
Zuk ere egin dezakezu hegaz, Nur eta zure irudimenaren laguntzaz… 

Istorioarentzako amaiera berri asmatzen ausartuko al zinateke?

ostirala, abendua 04, 2015

Lehoien dantza. Grezia: jolasa eta odola


- Pertsiarrak berriro datozela esan du -oroitu zuen Urkik-. Rakelek esan diguna kontuan hartuta, eta hau Grezia Klasikoa edo antzeko zerbait bada, Kristoren aurreko 480 ingurua izan liteke. Lehenbizi, 490ean inbaditu zuten pertsiarrek, eta Maratoneko borrokan amaitu zen. 480ean, bigarrenez. Garai hartan…
- Honetan -zehaztu zion Olainek.
- Garai honetan, pertsiarrak Heladea, Grezia, inbaditzeko bidean ziren.
- Dira.
- Olain, serio ari naiz.
- Baita ni ere. Ez dakit non gauden, baina guretzat ha ez da iragana. Hemen gaude. Eta hobe dugu horrela pentsatzea: ez gara ikusle hutsak. Rakelek ez du oso garbi utzi, baina norbaitek lepoa moztuko baligu… benetan hilko ginateke, ezta? Zer, ez duzue erantzuten?

Rakel eta Antton errealitate birtualak aztertzen ari zirela, Antton hor nonbait gelditu zaigu galduta, itxuraz greziarren artean… Ez dira bere lagunak bila ibiliko zaizkion bakarrak ordea… Ethana Norman jainkoen pare dabilela esaten badizute, istorioa ulertzeko liburua irakurri beharko, ez? 

Grezia Klasikoko ohitura eta balioak ezagutzeko aukera emango digute multibidaiariek, baita Sofokles, Perikles, Eskilo, Temistokles eta musen eta erritu desberdinen berri izateko ere… Leonidas, Xerxes, 300 espartarrak… Guztiak bizitzeko beste modu baten ispilu dira. 

Historiaz eta abenturaz haratago, zein gogoeta iradokitzen dizkizu istorio honek? Olainen bila jarraitu nahi?

#50. DA!

Durangoko Azokak 50. edizioa zabaldu berri du gaur, goizeko 10:30etan puntuan.
Euskal Liburu eta Diskaren Azoka,
gure kulturaren erakuslehio garrantzitsua, garrantzitsuena ez bada… Abenduko asteburu luzea aprobetxatuz, horra urteak emandako uzta oparoa, egun hauetan 350 lan berri aurkeztuko baitira bertan.

Durangok lehen eguna Ikasleari zuzentzen dio, bertan kuxkuxean aritu, eta eskura duena ezagutzeko aukera eskeiniz; hala, ikasle uholdeak ematen dio hasiera bost eguneko kultur mozkorraldiari, 250 kultur ekitaldiren gozamena ia beste 250 erakustokiren sormen-zurrunbiloaz batzen baita.

Landa Gunean Azoka bai, baina Azokan hori baino gehiago topatuko duzu…
Gu Saguganbararaino heldu gara, ume eta gazteekiko transmisioa lantzeko gunera, gurasoek seme-alabekin batean hizkuntzarekin jolas egiteko eremura. Bertan, idazleen aurkezpenak, tailerrak eta bestelako ekintzak antolatzen dira Berbaroren eskutik, irakurketa aktiboa bultzatzeko. Gerturatuz gero, prestatu diguten ekitaldi mordoskaz gozatuko duzula ziur!



osteguna, abendua 03, 2015

Eskale txikiak




Liburu honetan Francesco, Domenico eta Anaren historia kontatzen da. Gerrate ondorenean, mendiz inguratutako beren herrixka utzi beharrean gertatzen dira, eta bidaia luze bati ekiten diote Italian zehar.

Bidaia honetan era guztietako jendea ezagutuko dute hiru gaztetxoek: diruzaleak, berekoiak, besteri laguntzeko prest dagoen bihotz oneko jendea, euren lurrak defendatzearren borrokan dabiltzan nekazariak…


Lehio bat ireki eta bertatik gizartea ikustea bezala da liburu hau irakurtzea. Zerk hunkitu zaitu gehien?


asteartea, abendua 01, 2015

Bat Pat. Hortzandi pirata

       Itsasoko Elezaharrik Ilunenak - Edgar Allan Poker.

"1666. urtea zen. Apirilaren 17ko gauean, Burezurraren uharte ondoko itsaso zabalean, Portwind parean, Hortzandi pirataren Kolpatua itsasontzi beldurgarria zokomiran zebilen. Mapa misteriotsu batek gidaturik, kapitaina altxor misteriotsu baten bila zihoan, hain zuzen leku mehatxagarri hartako uretan ezkutaturik omen zegoelako."


Maparen eta altxorraren kontuaz gain, elezaharrak osabak esandakoak baieztatzen zituen: itsasontzia hondoratu egin zen, eta hartaz eta tripulazioaz ez zen besterik ezer jakin. 
Arazo-usaina du kontu horrek guztiak, eta gaueko biztanle hegodun noble idazle batek uste baino pista gehiago bilduko ditu festa batean… eta abenturak idaztea baino, maitasun gutunak idaztea zailagoa dela deskubrituko du.

Bat Paten abentura honetan, zer da gehien gustatu zaizuna?