astelehena, azaroa 30, 2015

Nikolas txikiren komeriak

Nikolasek, beste edozein mutikok bezala, bihurrikeriak egiten ditu; errietan egiten diote, gurasoen arteko liskarrak batzutan berak ere sortzen ditu… Bere lagunekin, beste edozein laguntaldek bezala, errekreo garaian liskar ugari izaten ditu… Burutazio xelebreak, barre txikia aterako dizutenak. Adibide gisa…. imagina gurasoak!

- Entzun, Nikolas, utzi negar-zotin horiek egiteari. Horrela ikasiko duzu beste baterako. Nik eman nizun dirua beharrezko ez zenuen zerbait erosten gastatu duzu eta berehala puskatu da. Arrazoizko izaten erakutsiko dizu horrek.
  Beno, ba, gaur arratsaldean benetan pozik izango dira amatxo eta aitatxo, ze izorratuta zegoen linterna Rufusi aldatu baitiot ederki asko jotzen duen txilibitu batengatik.

Zuri zein pasadizu gustatu zaizu gehien?

Nur eta altxorraren kutxa

Nur batera eta bestera dabil, bere gurasoei bidaian ibiltzea ikaragarri gustatzen baitzaie. Handitan, Nurek uharte batean biziko dela uste du, itsasoa gertu behar duelako, eta itsasoarekin batean, olatuak.
Handia izatean, bere surf-eskola propioa izan nahi du, baina aurrez surf txapeldun on, bikain, super-izugarria izan beharko du, jakina. Horregatik joaten da igandero surf-eskolara. Baina olaturik egongo ez denean idatziko du, idazle ere izan nahi duelako, amamaren antzera.

Istorioak gustatzen zaizkio, baina istorio politak behar dute izan, ez tristeak. Ogoñoko lamia bati buruzko istorio bat ezagutu dute, altxor bat ezkutatzen duen haitzulo bat ere bai… eta horrelakoetan egin behar den moduan, bila jardungo dira, lagunarteko abenturak biziz.
Ezagutzen al duzu lamiaren bat, edota herensugeren bat gordetzen duen haitzulorik? Zein aspaldiko istorio iritsi zaizkizu?

Ottoline eta kateme horia

Azala ikusita, haurrentzako liburua dirudi…
Mamia aztertzen hasita… gauza askori erreparatu behar ondorioren bat atera aurretik… Izan ere,
istorioa oso sinplea da, letrak, handiak, eta liburuak gainera marrazki mordoa du… Irakurtzen oso erraza.
Baina, litekeena da liburua eskuartean duzunean, tarte luze batez utzi nahi ez izatea:
ez da ipuin bat, luzeagoa baita; baina ez da eleberri bat, ez eleberri arrunta behintzat. Ilustrazioz josia, ez da liburu ilustratu bat gehiago, komiki kutsua ere baduelako. Gauza oso txikiei erreparatuz gero, beti topatuko duzu lehenago ikusia ez zenuen zerbait….
Chris Riddell idazle eta marrazkilariak tinta baliatzen du, eta marra mordoa, asko eta asko… eta tarteka kolore gorri pixka batez zipriztintzen du orri zuri-beltza.

Ottolinek koaderno batean idazten ditu bere plan guztiak, plan onak, eta Munroe jaunarekin uste baino antza handiagoa du… Akaso horregatik konpontzen dira biak hain ongi. Hitzak eta irudiak batera irakurtzera behartuko zaitu xelebrekeriaz jositako istorio honek.

igandea, azaroa 29, 2015

Gatazka gela

Hamahiru urte. Gatazka gela. Salaketa bat, froga batzuk, errugabetasun deklarazioa, egia jakin beharra.
Bi irakasle zaintza lanetan, baina biak Gatazka gelatik kanpo: Hor arazoak ikastetxeko ikasleek konpontzen dituzte, helduek ez dute lekurik. Bitartekaritza lanetarako izendatuak izan diren ikasleek dute guztia argitzeko ardura.

- Konpontzen asmatuko dutela uste duzu? -galdetu zuen gizonak bat-batean.
- Bai -emakumeak irmo.
- Hau desberdina da. Ez da liskarra izan, irainen bat, edo adin horretako tontakeriengatiko borroka bat… Ia-ia kasu kriminala da. Beraientzat bai behintzat.
- Ez duzu konfidantzarik sisteman?
- Ui, sistema!
- Orain artean funtzionatu du. Eta hainbat urte egin dugu horrekin.
- Istilu txikiak ziren - ekin zion Alfredo Sanjuanek berriz-. Hau zera izango da… egiazko epaiketa. Hamar-hamaika urte besterik ez dute, hamahiru errepikatzaileren batek, eta zorioneko mugikor horrek hirurehun euro balio zuen, Jainkoarren!

Sierra i Fabrak, beste behin, nerabeen arazoak ditu hizpide eleberri eder honetan. Bizikidetza arazoak, irain eta beldurrak azaleratuko dira larunbat goiz batez Gatazka gelan, edozein egunetako jolas-ordua tarte laburregia baita hain arazo larria konpontzeko.

Veneziako misterioa

Aita idazlea da, eta famili giroan oporrak pasatzeko bidaia gidak idaztea da eskuartean duen azken enkargua. Zotz egin, eta amak aukeratuko du nora joan: Veneziara.

Davidek amets arraroak izaten ditu, eta hain amets desatseginak zergatik izaten dituen jakitea gustatuko litzaioke… Begi batzuk zelatatzen dutela amets egin du, eta inguruko edozein begiradak aztoratzen du, ezinbestean. Bere irudimenak ere badu eraginik, noski, eta konturatzerako, arte munduarekin zerikusirik duen iskanbila batean topatuko du bere burua.

Misterioak askoz ere misteriotsuago dira ezezagun zaigun hiri batean, ihauteritan, eta arte munduari lotuak badira. Veneziak hori guztia eskeintzen digu… Hiri ederra ezagutzeko istorio zirraragarria. Arte ikertzaileentzat leku aparta!

Daviden tokian bazeunde, nola jokatuko zenukeen?

larunbata, azaroa 28, 2015

Pijama marradunaz jantzitako mutikoa


Brunok bederatzi urte ditu, eta aitaren lana dela eta, etxez aldatu beharrean dira, ia bapatean; ez du bere lagun onenak agurtzeko aukerarik izango, eta hori ez du batere gustuko.

Etxe berria arraro egiten zaio: polita dirudien arren, inguruan hesi ugari ditu… Maiz ikusten dira hesi horien tankerakoak, maiztasun handiagiz, baina zuk parean halakorik inoiz ez topatzea espero dugu, bihotzez.

Mutiko baten ikuspegia baliatzen duen kontalari honek, Bigarren Mundu Gerra hartu du hizpide, eta egia esan, oso hunkigarria bada ere, ez da ez haurrentzako istorio bat, ez eta gazteentzakoa ere… Helduek ulertuko dute zergatik, ziur. Istorioen eta Historiaren arteko mugak hain zail dira batzutan zehazten… 

Gizajo baten egunkaria III. Hauxe besterik ez nuen behar!

Gregen egunkariek arrakasta izan dute… Hau hirugarren alea da, aurrekoen oso antzekoa, baina beti ere desberdina. Gure egunak oso antzeko dira, baina beti gertatzen zaigu desberdin egiten dituzten xelebrekeriak, eta horiek dira Gregek biltzen dituenak. Bere inguruan gertatzen direnak, bere estiloan, bere umorez kontatuta.
Liburuak berez ez du argumenturik, ez dago istorio bat ulertu beharrik. Umore likatsua eta marrazki xinple baina xelebreak, denok ditugun anaien arteko liskar txoroak, edota institutuko lagunen arteko tirabirak…
Irakurtzea gehiegi gustatzen ez bazaizu, lagun ona duzu Greg! Erraz, oso erraz irakurriko duzu, eta barre egingo duzu gainera.

Bi pasarte hautatu ditut, barre dexente egin dudalako: 
obrak direla eta, autobusak ezin du bere zerbitzua betiko bidetik egin, eta Gregi bi astetan institutura oinez joatea egokitu zaio; horregatik alferkerian aritzeko desiratzen iristen da etxera. Larunbat batez, telebistaren aurrean jarri, eta urrutiko agintea mahaitxo gainean dagoela ohartuta… altxatzeko gogorik ez duenez, bere indarra, bai, indar mentala! baliatzen saiatu da urrutiko agintea beregana hegaz bereganatzeko, ordu laurden luzez, kontzentratuta… Baina ez du lortu.
Bestea… eskolarako egin duen 4 orritako txinpantzeari buruzko lana… Wikipedian bilatuta ere topatuko ez dituzun datuak eskuratuko dizkizu Gregek… txinpantzea, labur esanda, txinpan bat dela ba al dakizu?
Zein dira zuri gehien gustatu zaizkizun pasadizuak?

Nur eta magia kanpamendua

Uda da, eta Nur, beste gaztetxo asko bezala, kanpamentu batera joango da astebete pasa… Batzuk ingles kanpamentutara joaten dira, beste batzuk futbol kanpamentutara… aurten Nurek magia kanpamentua aukeratu du. 
Baserri batean, Oliver eta Txagu Maguk zortzi magia ikasle hartu dituzte astebetez: trikimailuak egiten irakatsiko diete, eta magiaz gozatzeko egunak izango dira… 
Baina, honezkero ezagutzen duzue Nur… Saltsera xamarra izateaz gain, jakinmin handiko neskatoa dugu, eta baita irudimen handikoa ere… Baserrian hainbat sekretu gordetzen dituztela iritzita, Detektibeen Txipiroi kluba sortuko du, eta misterioak argitu arte ez du atsedenik hartuko.
Magoek zer ezkutatzen duten jakin nahi?

ostirala, azaroa 27, 2015

Printze txikia

Maitasuna, Adiskidetasuna, Bizitzaren zentzua… Gizakion izakeraz eta jokaerez egiten digu gogoeta Printze Txikiak, gure gizartearen kritika latza, nahiz eta baliatzen dituen adibideak ederrak izan, poetikoak, eta marrazki goxoz lagunduak… Malenkoniaz beteriko lana.

Haur baten begiez begiratuta, gure inguruan gertatzen diren hamaika gauza ulergaitz dira… eta Printze Txikiak benetan garrantzitsu dena ezin ikus dezakegula erakutsi nahi digu, edertasuna barnean dagoela, norberak deskubritu zain… Irudimena beharrezko zaigu zeregin horretan, ezinbestean. 


Haur eta gazte literaturan klasiko bilakatu bada ere, Printze txikia Literatura Unibertsalaren ondare da, gazte eta helduen gozamenerako. 
Antzerkira, marrazki bizidunetara, zinemara zein musika obratara moldatu bada, hunkigarria delako da, zalantzarik gabe.
Haur izanik irakurri baduzu, hemendik urte batzutara berrirakurtzeko gonbidapena luzatuko dizugu… Zure inguruko helduen artean galdetu ea irakurria duten, eta haien inpresioak jasoko al zenizkiguke?

asteazkena, azaroa 25, 2015

Nur eta irlandar gnomoa

Finni erraldoien marrazkiek barregura ematen diote, gnomoak irudikatzeko oso modu xelebrea dutelako. Horregatik hain juxtu, Nurrek oso argi du: lagun berriak ez dira beti etxean aurkezteko modukoak.

Amatxo ezer esan gabe sartu da gelan, eta sekulako ikara eman die biei. Finn geldi-geldi geratu da, estatua bat balitz bezala, eta Nurrek panpinen etxeko panpina guztiak jasotzen ditu, bezperan lurrean utzita baitzeuzkan.
- Panpinei ipuin bat kontatzen ari nintzaien…
Amatxo ondora etortzen da, eta Finn ikusten du; hura arnasa hartzen ere ez da ausartzen ia-ia.
- Hau ikusi gabe neukan orain arte… Irlandar gnomoen moduan dago jantzita…
A zer beldurra!
Hartu eta arreta handiz aztertzen du.
- Bigun-biguna da -esaten du sabela zapalduz.
Finni sekulako barregura sartzen zaio, baina eutsi egin behar dio, eta begiak zabal-zabalik mantentzen ditu.
- Atzo aurkitu nuen -esaten dio Nurrek amari, bestelako azalpenik eman beharrik ez izateko-. Emango?
Sekretuak gordetzea hain da zaila…

Eta zuk, nola irudikatu izan dituzu gnomo eta iratxoak?

ostirala, azaroa 20, 2015

Jara

Jarak 13 urte ditu, eta goiz batez, neskato izateari utzi dio. Gorputza aldatzen ari zaio, eta bere buruhausteak ez dira haur batek lituzkeenak… Gurasoek, haiek ere 13 urte izan zituztela dioten arren, ahaztuta dituztela zin egingo luke Jarak: ez dute deus ulertzen, eta bere arazoak haiek konpon ditzaketela uste badute, oker dabiltza.
Ihintza du lagun mina, eta harekin batera biziko ditu bizitzako esperientzia zirraragarrienak.

Neskentzako liburu bat? Egia esan, ez… Ez dago neskentzako ala mutilentzako libururik: istorioa gustoko izatea da kontua. Baina 13 urteko neska bat da Jasone Osororen protagonista,
Jara, neska berezia, tatuajea gurasoei baimenik eskatu gabe egin zuena. Hilekoa zeukana. Asteko protagonista izan zena eskolan… Batzutan bere espazioa komuneko pareten artean itxita aldarrikatzen zuena… Hainbeste aldaketaren anabasean galduta zebilena…
Zein izan da gehien gustatu zaizun pasartea?

Mila galdera, hamaika zalantza… Jarak izango ditu bizipen gehiago, eta bidaide nahi zaitu… Jara Live ezagutzen?

asteazkena, azaroa 18, 2015

Aberastu naiz azkenean!

Oriolek etxean zerbait eskatzen duenean, ez dutela horretarako dirurik erantzuten diote… Horregatik erabaki du ahal bezain laster aberastu behar duela, behar-beharrezkoak dituen gauza guztiak berak erosi ahal izateko (zerrendan bideo kontsola, arrain eta animalia haragijalez betetako arrainontzia eta Irakasle Eroaren laborategia dauzka… adibidez). Astea amaitu aurretik aberastea lortzen badu, askoz hobe!

Negozioen mundua ulertzea kostako zaio Orioli… Astea aurrera joan, eta lehen saiakerak porrot galantak izango dira: txakur-txikirik irabazi ez, eta gainera, ikastetxeko zuzendariaren aulkiaren faktura iritsiko zaie etxera, udaltzain baten zapaten gainean botaka egingo du, eta aitaren garagardoen hozkailua konfiskatuko dizkiote… Hala ere, ez du etsiko, eta bere gaitasun zientifikoa ere martxan jarriko du aberats bihurtzeko saiakera horretan.

Bere negozioak zein izan diren? Irakurri, irakurri… Ea ideia guztietan onena zein iruditzen zaizun! Liburuko marrazkiekin ere barre egingo duzu, ziur!

astelehena, azaroa 09, 2015

Leize-zuloko misterioa

Aitonak bere ezagutzak transmititu nahi dizkio bilobari, leizea ezagutu eta maitatu dezan, eta aldi berean zor zaion begirunea izan diezaion…

Horixe da Iñaki Zubeldiak transmititu nahi digun mezua. Arrikrutzeko kobazuloan orduak galduta eman zituen Jesus Manuel Marotorekin batean 1966an, eta lehoi baten hezurdurarekin egin zuten topo. 

Aurkikuntza bitxia bezain interesgarria, istorio honetako misterioaren oinarria… 

Bide batez, oraindik paraje horiek ezagutzen ez badituzue, gerturatu zaitezte… Lurrazpiko edertasuna mundiala da!

ostirala, azaroa 06, 2015

Bideokontsolek Aliziaren eskutik ikasi dute euskara

Aliceren ibaiak da jokoaren izena, euskaraz kontsola batean joka daitekeen lehena. Bilboko Delirium Studios enpresak sortu du, lehenago ingelesez eta gaztelaniaz sortutakoen euskarazko bertsioa. 
Bertsio hedatua iOS eta Android mugikorretarako dago eskuragarri, urte amaierarako PC-tarako izango da prest, eta benetan berezi egiten duena, Wii U kontsolarako, ezein kontsolatarako, euskarazko lehen jokua da.
Grafikoak Ane Pikaza ilustratzailearenak dira, eta soinu banda, berriz, Vetusta Morlarena. Abentura grafiko aparta.

Literaturaren eskutik heldu da euskara bideo-jokoetara…
Alizia… lurralde miresgarrietan...

Zonbi mutanteen gaua - Zonbi gunea III

Zonbiek Maxi hozka egin dioten arren, ez da zonbi bilakatu… Liottoko protokoloan jasotako proba guztiak egin dizkiote, eta ez, itxuraz, inmunea da.
Liottoko protokoloa irakurri eta horrekin barre egiten ez baduzu, agian zu zeu zara zonbia… Hala bada, Heriovillen besoak zabalik hartuko zaituzte, Erromeria gauean bereziki. 
ZA koadrilako kideek abentura berria biziko dute Zonbi mutanteen gauean.

asteartea, azaroa 03, 2015

Galtzerdi suizida



Anaia eta ni beti izan gara oso desberdinak! Horixe gertatzen da biki guztiekin, jendeak uste duela berdin-berdinak izan behar dutela barrutik ere, kanpotik diren bezala, eta ez. Ez da horrela gertatzen.

Bikirik baduzu, Augusto erraz ulertuko duzu... edo ez... Auskalo! Baina primeran pasako duzula, hori ziur! Nola uztartu basoetako suge beltz beldurgarriak eta gladiadoreak? Izaki arraro bat zarela esango balizute, zer pentsatuko zenuke? Mariasun Landaren irudimenak ez du mugarik…