2017(e)ko urtarrila 12, osteguna

Atxiki sekretua - Sorginaren eskuliburua -

Nire neba Mikelek esaten zuen ez zegoela sorginik, baina amonak baloia zulaturik itzultzen zienean, "Sorgina!" deitzen zion, eta zantarra, eta mamala, eta zalamandrana, eta baita gauza itsusiagoak ere.
(...) Gure aitak ere esaten zuen ez zegoela sorginik. Baina, batzuetan, ipuinak kontatzen zizkigunean, sorginak gora eta sorginak behera ibiltzen zen. Gainera, behin batez, amari honela esaten ziola entzun nion:
- Goiko sorgin horrek susto galanta eman dit, lehen eskaileretan. Ni saltoka nindoan, eskailerak binaka igoz, eta halako batean argia itzali da, eta nik zerbait biguna ukitu dut, eta kirats ikaragarria usaindu dut, eta bihotza eztarriraino igo zait, eta, norbaitek argia piztu duenean, goiko sorgin horren begi gorriak niri begira topatu ditut, eta garrasi egitekotan egon naiz, eta... 
Hori, edo antzeko zerbait esan zion aitak amari, baina batez ere sorgina deitu zion Grazianari, sorgina, Mikelek deitzen zion bezalaxe.

Joanak hitz hauek guztiak buruan zituela, egun batez galdera luzatzeko ausardia nahikoa izan zuen:
- Graziana, zuk sinisten al duzu sorginetan?
- Esaten dituzten guztiak badira, baina atxiki sekretua: ez esan badirela...

Patxi Zubizarretak, liburuaren Azken Hitzan idatzitako lerro batzuekin amaituko dugu harribitxi honi buruzko gogoeta laburra, berak baino hobe inork laburbilduko duelako liburuaren mezua:

Kontraesana ematen badu ere, badirudi argiak itzali egin zuela mundu hura, eta, beharbada, horixe izan da lan honen asmoa: iluntasun hartan argi apur bat egitea. Milan Kundera idazleari noizbait irakurri nion zenbat eta azkarrago bizi, hainbat eta gehiago ahanzten dugula, eta horixe dela gure gizartearen ezaugarri nagusienetako bat: ahanztura edo, Juan Goytisolok "memoricidio" esaten diona, iraganaz eta memorias beste egitea. Eta sorginak lagun, liburu honen bidez, oroimen hori preziatzea eta berritzea ere nahi izan dugu.

Elena Odriozolaren marrazki poetikoez lagundurik, Zubizarretak hango eta hemengo istorio, ipuin, kanta eta bitxikeriak batu ditu, ipuin horiek aleka irakurtzeko aukera eskainiz... baina baita sorgin istorio horiek guztiek osatzen duten sorgin historia zoragarria josi ere.

2017(e)ko urtarrila 2, astelehena

Ismaelen historia, edo itsasoa nola zeharkatu nuen


Haientzat, gazon-emakume ilun, isil eta arrotzen ilara luze bat besterik ez ginen. Ez dut uste ezer zutenik gure kontra. Inork ez zigun ezer esan, are gutxiago ezer iraingarririk, inor ez zen pozik agertu handik kanpora gindoazelako. Ikusezinak ginen, aspaldiko urteetan itsasoak lehorrera botatzen zuen zerbait, uda aldean batez ere, eta gero udazkenean berriro hartzen zuena.
Edozertara ohitzen gara.

Ismael itsasoaren eta harearen seme da, ama desertukoa baitu, aita berriz, kostaldekoa... Hamabost urte bete berritan, bere ikasketek doi-doi eman diote irakurtzeko gaitasuna, idaztekoa apenas, baina itsasoan dexente ongi moldatzen da, itsasoak uzten dionean.
Baina itsasoa gaixotzen hasita dago, tximinien erruz gris bihurtu da, eta arrainen bila joan beharrean, arrainak etortzen zaizkie urertzera... Hilik, ordea.

Bizitza aukera hobeen bila hondartzara gerturatu eta itsasoko Marrazoen esku jartzen diren ehundaka, milaka gazteren historia da Ismaelena, ezer ulertzea kosta zaion afrikar batena, Bihotza uzkurtuko dizu, baina ximeldu baino lehen, urte berri honetan denontzako bizi-aukera duinen aldarria egiteko gogoa pizten badizu, Ismaelek itsasoari ihes zergatik egin zion ulertuko duzu.

2016(e)ko abendua 24, larunbata

Eguberri kanta

Klasikoak apurka itzultzen dira euskarara,
zinemako bertsioren bat ezagutuko duzu, ziur.

Garaiko idazle baino gehiago, kronista izan zitekeen bera, eta umore eta ironian maisu, laztasunez deskribatzen ditu gizakion jokaera eta baita sentimenduak ere... 
Dena den, Gabonetan guztiok agertzen dugu sentiberatasun uneren bat, eta akaso hor ezkuta daiteke gizakiontzako miraria.

Dickensek berak bere Eguberri Kantaren hitzaurrean idatzitakoak ekarriko ditugu hona:

Mamuen liburuxka honetan irakurleak euren buruekin, kidekoekin, Eguberriekin edo eta nirekin haserre ez daitezen, Ideia baten Mamua sortzen saiatu naiz. Ea Mamu hau zuen etxeetan agertzen den eta hauen zorionez betetzen dituen eta inork ez duen hau uxatzeko desira izaten.
Zuen lagun leial eta zerbitzaria, 
C.D.
1843ko abendua.

2016(e)ko abendua 21, asteazkena

Olentzero eta Maridomingi

Ipuina aspalditik da eleberriaren ahaide txikia, laburragoa delako, zuzenagoa, eta askotan, gaztetxoenei zuzendua izan delako... Gabon giro honetan, iaz Pello Añorga eta Jokin Mitxelena marrazkilariak Olentzero eta Maridomingi lana kaleratu zuten, eta ezin pentsa zenbat buruhauste izan zuten hain istorio ezaguna atontzeko unean... Benetan, hain ezaguna ote?


Ohitura eta tradizioak, usadio izanik ere, pixkanaka egiten dira, eta garapen horren lekukotza jaso nahi zuten lan berrian, tradizioaren errelato berria eginaz; galtzen ari den kutsu erlijiosoa kontakizunetik kanpo utzi eta, euskal mitologiako hainbat pertsonaiaren antzera, naturarekin harremanetan jarri dituzte biak, neguko solstizioaren inguruan. Horregatik akaso, buruari hainbeste eragin ostean, Pello Añorgak berak kontakizuna bereziki gurasoentzat pentsatua dela dio, etxe giroan, familian partekatzeko. Ipuinak sortzen errazak direla uste duenak, idazleari eginiko elkarrizketa hau irakurriz gero, akaso iritziz ere aldatuko du...